argia.eus
INPRIMATU
Berako sutearekin loturarik gabeko beste lau guneetatik abiatu zen sua Lapurdin
  • Hainbat elementuren arabera, asteburuan Lapurdiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 2.800 hektare erre dituen suteak "nahitara" piztuak izan ziren. Salaketa jarri dute Sarako, Azkaingo, Biriatuko, Urruñako eta Ziburuko herriko etxeek, eta Bera inguruko su pizteak ere ikertzen dabiltza.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko otsailaren 25
Endarlatsa inguruko ikuspegia (argazkia: erran.eus)

Asteburuan Bidaso inguruak kiskali dituen suteak "nahita piztu" izanaren tesiak geroz eta pisu gehiago du. 2.800 hektarea baino gehiago erre zituen suteak Lapurdin, Nafarroan eta Gipuzkoan. Ipar Euskal Herriko eremuari dagokionez, Larrun eta Xoldokogaina inguruetan lau tokitan sua nahita piztua izan zela adierazi zuten otsailaren 23an Hego Lapurdiko auzapezek eskainitako prentsaurrekoan: Urruñan Ziburumendin, Azkaineko Trabenian bi puntutan eta Saran Larrungo tren ttipiaren ondoan su-pizteak izan zirela baieztatu dute hautetsiek – azken hau "deigarritzat" jo zuten, larunbatean 19.00etan piztua izan baitzen, besteengandik hainbat orenetara–.

"Sute kriminalak izan dira, ez da beste hitzik. Ongi barneratu behar da ez dela laborari edo artzain batek egina, eta argiki salatu behar da", Filipe Aramendi Urruñako auzapezaren hitzetan. Salaketa jarri dute Sarako, Azkaingo, Biriatuko, Urruñako eta Ziburuko herriko etxeek.

Berakoa ere nahita piztuta

Aitor Elexpuru Berako alkateak ere zehaztu zuen seguruenik "asmo txarrez" eta "nahitara" piztutako suteak izan zirela Nafarroan ere. Suak ia aldi berean aparte dauden bi leku bereizitan piztu izanak hauspotu zituen susmoak. Foruzaingoaren eta Ingurumen Departamentuko adituek ikerketa abiaturik dute.

Erretako zatirik handiena baso autoktonoa izan zenez, "ondare naturalaren galera izugarria" eragin dute asteburuko suteek: