argia.eus
INPRIMATU
Benkut jendea
  • Arantza, ba al dakizu zertarako dituzten arantzak landareek? Landare batzuek arantzak janzten dituzte, zergatik ote?

Jakoba Errekondo 2023ko abenduaren 11

Aspaldi batean azaldu nizuen hemen Aiako Etxetako Inaxio zenak dotore asko kontatutako laharraren (Rubus ulmifolius eta R. fruticosus) ezkontzaren istorioa. Hona llabur: laharrak ezkondu egin nahi zuen eta ingurukoek ez zioten baimenik eman, di-da batean eman zien erantzuna eta madarikazioa, "ezin banaiz ezkondu aldamenetik igarotzen den guziari helduko diot". Eta nola arraio helduko dio laharrak edozeini? Adarrak xirmendu edo aihen antzekoak luza eta luzatu eta haiek arantzaz jantzi. Arantza behar.

Era askotako arantza dago. Batzuk, laharrarenak bezala heldu eta eusteko dira; forma berezia dute, igitagiarena, eta punta txorrotxa, baina oina lodi eta sendoa. Beste batzuk mehe, luze, zuzenak dira, heltzeko ez baina txixt edo zazta sartzeko aproposak. Batzuek hautsi eta larru azalean sartuta eraman eta pasmoa edo tetanosa sortzeko dituzte; handik atzera ederki gogoan izango duzu. Beste batzuek zaztatekoa eman eta zauria besterik ez dizute utziko, hori ere oroigarri.

Euskaldunok emanhartu joria izango genuen gure paisaiako arantzadunekin, eta horren adierazpen zabala dugu hizkuntzan. Zenbat izen arantza esateko! Erren, elorri, otaerren, zi, ziri, xats, zizpir, zizkir larrantza, zizta, xixta, burna, ezten, erren, benkut, espi, eskarda, zizpiot, ar, ezkalda, kizki… eta nik ez dakizkidanak…

Hau bezalako artikulu hautatuak biltzen zituen 111 hostoz eta orriz jantzi liburuan Alex Mendizabal lagunak bere baratzeko 50 artikuluetatik ahabia (Vaccinium myrtillus) gai zuena hautatu zuen, “Bihotzeko oketa”. Bertan, “sasitza” hitzaren sinonimo katea eransten nuen: sastraka, arantzadi sasi, elortegi, sasitza, sastra, satar, elorrieta, elorrilardi, txaga, txaraka, sastrakatza, sasiarte, lahardi, elordi, arantzarte, larrarte, elorrarantzadi, barda eta ardui. Liburu hori gaur idatziko banu beste hauek ere soka horretan lirateke: arantzaga, arantzarte, sasitegi, elorriaga, txara, txaradi, sastrakadi, arantzate, arantzategi eta sastrapa.

Hainbeste hitzekin sasitzan eta arantza artean ohitutako animaliak behar ditugu euskaldunok, larruazala zailduko zitzaigun noizbait. Gaur benkut jendea, arantzadun landare jendea mendiak berroneratzen ari denean, gure azal fin, mehe, delikatu, leun hauek berroneratuko ote dira? Eta ziztadarako prestatuko?