Benetako emakumeek horrela egiten dute kirola

  • Kirola sustatzeaz arduratzen den Sport England erakundeak kanpaina abiatu du, emakumeen artean kirola bultzatzeko. Ariketa fisikoa ez egiteko neska ugariren argudioa epaituak izateko beldurra dela ikusita, emakume kirolari lirain eta idealizatuen ohiko irudietatik aldentzen den bideo errealistagoa egin dute eta arrakasta handiz zabaldu da Interneten.


2015eko urtarrilaren 19an - 08:48
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

 

 

"Zerri baten moduan izerditan" ageri dira emakumeak bideoan, korri egiten, boxeoan edota Zumba klase batean. Benetako historiak dira eta emakume horiek beraiek beren esperientziak kontatu dituzte kanpainarako.

Ariketa egiteko oztopo nagusietakoa, epaitua izateko beldurra

Britainia Handiko emakumeen %75ek aktiboagoa izan nahiko lukeela irakurri ondoren sortu zen kanpaina. Zein da oztopoa? "Hainbatetan arazoa denbora edo dirua da, baina epaituak izateko beldurra da argudio nagusietakoa –azaldu dute kanpainaren arduradunek–, beldurra tamaina desegokia izateari, nahikoa argal ez egoteari edo nahikoa trebe ez izateari".

"Zenbat eta gehiago egin, orduan eta gehiago gozatzen duzu duzun itxura txarraz –dio bideoko emakumeetako batek–, badakizulako benetan gogor aritu zarela hain itxura txarra izateko".

Ariketa fisikoa denen eskura dagoela, horra sare sozialetan herritarrak zabaltzen ari diren mezua, #ThisGirlCan etiketa erabiliz.


Eguneraketa berriak daude