Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek kultura komunitateetako kideek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten dute Garabide elkartearen dokumentalean. Sarean lehen aldiz ikusteko aukera eskainiko du ARGIAk asteartean.
Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Gainerako hizkuntza gutxituetako kideek nola ikusten gaituzte euskaldunok? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskuratzeko prozesuan? Galdera horiei erantzuna emateko asmoz ondu zuen dokumentala 2015ean Garabide elkarteak eta horretarako lehen aldiz Ameriketako zazpi hizkuntza komunitatetako 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak bildu zituzten.
Gutxitutako hizkuntza komunitateek elkarrengandik ikasteko zubia eraiki nahi dute ikus-entzunezkoaren bitartez.
Garapena eta dimentsio kulturala
Hizkuntzen eta kulturen desagerpen azkarrak –6.000 hizkuntza inguru daude munduan eta urtero hamar desagertzen dira– lotura zuzena du egiturazko pobreziarekin. Hizkuntza eta lurra eskutik helduta daude, eta beraz, lur horretako biztanleen diskriminazioak eragin zuzena du beren bizimodu, kultura eta mintzairan. Hizkuntza aniztasunaren galera eta egiturazko pobrezia arazo bera direla azpimarratu nahi du dokumentalak, eta problematika horri lankidetza eta elkartrukearen bitartez heldu nahi diote.
Asteartean goizeko 11etan www.dokumentalak.com helbidean osorik ikusgai.