argia.eus
INPRIMATU
Beltran de Herediak ETAri egotzi dio Ertzaintzaren euskalduntze mantsoa
  • Ertzaintza euskalduntzeko plana aurkeztu du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak legebiltzarrean. Egitasmoaren helburua polizia “euskaldunagoa” lortzea eta lana bi hizkuntza ofizialetan egiteko gaitasuna edukitzea direla esan du.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 23a
Ertzaintza euskalduntzeko plana aurkeztu du Jaurlaritzak. (Argazkia: L.Rico/ www.elpais.com

2017rako ertzainen %47,5 euskaldun izatea nahi du Jaurlaritzak. Gaur egun, 8.000 ertzainetatik 3.006k betetzen dute dute hizkuntza eskakizuna eta horietatik 156 ertzainek bakarrik dute EGA. Jaurlaritzaren asmoa 2017rako euskaraz 800 ertzain gehiagok hitz egitea da.

Sailburuak onartu du poliki joan dela Ertzaintzaren euskalduntze prozesua: “Administrazioko gainerako sektoreetan baino mantsoago joan da”, esan du. Horren errua ETAri egotzi dio. Beltran de Herediaren hitzetan ETAren jardunak baldintzatuta egon da Ertzaintzaren egitekoa.

Desadostasuna alderdien artean

Berrikuntzen artean, Segurtasun sailburuak jakinarazi du lehen aldiz euskara Ertzaintzaren formazioa saioetan egongo dela. Gainera, liberatuko dituzten ertzainen kopurua bikoiztuko du Jaurlaritzak euskarazko PL1 maila lortzeko. Ertzainen euskalduntze plana gauzatzeko guztira milioi bat euro gehiago aurreikusi dute 2015eko aurrekontuan.

Egitasmoak desadostasunak sortu ditu alderdi politikoen artean. EH Bilduk esan du, planak puntu ahulak baldin baditu ere, “aurrerapausoa” dela. PSE-EEk uste du, momentu “egokia” dela horrelako planak gauzatzeko baina, dena den, “arretaz” begiratuko diola gaineratu du. PP eta UPyD  berriz, aurka agertu dira eta uste dute planak ez duela egungo “egoera soziolinguistikoa” ordezkatzen.