argia.eus
INPRIMATU
Belgikan niqab-a debekatzea bidezkoa da Estrasburgoren ustez
  • Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ontzat eman du Belgikako hainbat herritan ezarritako niqaba janzteko debekua. Hainbat norbanako eta GKEk helegitea jarri zieten, 2008tik 2011ra indarrean jarritako hainbat lege diskriminatzaileri.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 13a

2011an Belgikako parlamentuak niqaba eta burka janztea debekatu zutenetik hainbat protesta eta helegite izan dira elkarte eta emakume musulmanen aldetik. 2012ko abenduaren 6an, Belgikako Epaitegi Konstituzionalak legea ontzat eman zuenean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira jo zuten bi emakume musulmanek.

Sententziak honek –aurretik Frantziari emandako beste batean oinarrituta– arrazoia eman dio Belgikari eta beraz ezingo da aurpegia estalita ibili kaletik, ez eta eraikin publikoetan ere. Hori eginez gero, 137,5 euroko isuna eta zazpi eguneko kartzela zigorra izan dezakete niqaba janzten duten emakumeek.

Sententziak dioenez, “gizartearen elkarbizitza lortzeko bidean proportzionatua izan daiteke neurria, besteen eskubide eta askatasunak babesterako orduan”. “Gizarte demokratiko baten – gaineratzen du– neurri beharrezkoa izan daiteke”.

Emakumearen eskubideen diskurtsoa duen arren, hainbat emakumek salatu dituzte gisa honetako legeak, esanez, emakumeek beren gorputzaren gainean erabakiak hartzearen kontrako neurriak direla.