Kolono israeldarren erasoak: Beldurra iruditan

  • Palestinarrentzat iragan urtea bortitza izan da kolonoen indarkeriaren ondorioz. Probokaziotzat hartzen diren agerraldiak, eta are gehiago, erasoak egiten dituzte kolonoek palestinar herrietan. Ezintasunari aurre egiteko, eraso horiek grabatzen hasi dira familia asko.


2012ko maiatzaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Khadra eta Ibrahim Makhlouf dira bideo-kamerarekin kolonoen “bisitak” grabatzen hasi diren familietako bat. Jasaten duten indarkeriaren ikus-entzunezko testigantza jasotzea da helburua, nazioartean salatzeko.

Ibrahim Makhlouf-ek urduritasunez erakutsi digu kolonoek bere etxea eraso zuten azken aldiaren bideoa. “Ikusi, guztiek estali dituzte aurpegiak zapiez, eta zuriz dagoena errabinoa da, erasoa antolatzen ari dena”. Yizhar koloniako hogei gizonezko ikusten dira mendi magaletik Asira Al-Qabiliya herrira hurbiltzen. Soldaduak atzean daude, behatzaile gisa. Tartean, Mohamad profetaren kontrako oihuak botatzen dituzte. “Beraien lurretan arabiarrik nahi ez dutela diote”, itzuli du Makhloufek, bere burua seinalatuz. Herriko zenbait biztanlek “alde hemendik” garrasi egiten diete. Zenbait minutuz harriak elkarri jaurti ostean, mendi magaletik gorantz itzuli dira kolonoak.

Horrelako beste hamar bideo ditu Makhlouf familiak. Batzuetan etxeko atarira ere iritsi izan dira. Leiho hautsiak ikus daitezke, eta erretako soroen zantzuak. Azken urtea bortitza izan dela diote Nabulus hegoaldeko Asira Al-Qabiliya herrixkako biztanleek.

Kolono erlijiosoen indarkeria aski ezaguna da bai Palestinan baita Israelgo gizartean ere. Dena den, azken urtean probokaziotzat jotzen diren agerraldiak nabarmenki ugaritu dira. Hebron da testuinguru horren adierazlerik nagusienetakoa. Nolanahi ere, Nabulus hiriaren inguruan dagoen Yizhar koloniako biztanleek Zisjordaniako bortitzenak izateko ospea hartu dute aurten, palestinarren kontra burututako eraso kopurua dela-eta.

Koloniaren %70 Asirako lurretan eraiki ziren 1980ko hamarkadan. Osloko Akordioen ostean, israeldarren kontrol militarraren pean geratu ziren herrixkaren ingurumariak. Geroztik, bertako biztanleek ez dute jaso ez palestinarren sostengurik, ezta gutxiago indar okupatzailearen babesik ere. “Normalean sabbaten [juduen asteko atseden eguna] ostean etortzen dira, eta erasoak ohikoagoak dira uzta garaian. Batzuetan mendeku bila datoz, egoera politikoa beraien kontra dagoela sentitzen badute”, adierazi du Ibrahimek.

Zauri ikusezinak

Makhlouf familiak ez du bere lurren osotasuna lantzeko aukerarik, Israelgo armadak “segurtasun” lerroa ezarri baitu bere etxearen eta goialdeko Yizhar koloniaren artean. Khadra-k hunkituta gogoratzen du hesi ikusezinaz jabetu zen lehen aldia: “Duela pare bat urte kotxe bat antzeman nuen gure pikondoetara hurbiltzen. Orduan, koloniako emakume bat eta zenbait haur ikusi nituen zuhaitzetatik pikuak hartzen. Labankada bat jasotzea bezalakoa izan zen, haraam! [arabieraz, jainkoak onartzen ez duen ekintza bat deskribatzeko erabiltzen den hitza]”.

Khadrak Ruba alaba txikiari begiratu dio orduan. Haurrak ez du amaren azalpena entzun, etxetik ari da korrika, jolasean. “Orain gutxira arte ezkutatu egiten zen eraso bat zegoen bakoitzean, begiak itxi eta belarriak estaltzen zituen”, adierazi du amak. Rubari aldaketa handia nabaritzen zaio orain. Medicus Mundi erakundeko partaideekin egindako saioen ondorioz, neskatoa seguruago dago egunerokoan pairatu behar duenarekin. Egokitzapena beharrezkoa dela uste du Erakundeko Muath Zyoud psikologoak: “Hori da beraien bizitza, beraz, baldintza horietara egokitzea erresistentzia metodo bat ere bada”.

Beti bezala, haurrak dira indarkeriaren biktimarik babesgabeenak. “Erasoen ostean kontzentrazioa galtzen dute, joanda bezala daude. Gauari diote beldurra, batik bat, iluntasunari”, azaldu du Khadrak. Erasotzaile eta erasotuen arteko talka ere eguneroko jolasetan ezartzen dute, naturaltasunez eta inolako iragazkirik gabe. “Umeak bi taldetan banatzen dira, batzuk kolonoak; besteak, berriz, herritarrak”. Haatik, haur gehienek ez dute herritarren rola jokatu nahi. Ibrahimek argi dauka: “Inori ez zaio erasotua izatea gustatzen”.

Seme-alabak babestu nahian, larritasuna eta estresa dira gurasoek pairatzen dituzten ondorio psikologikoak. “Askotan diote oldarrek ez dutela eraginik haiengan, baina frustrazioa erraz suma daiteke”, nabarmendu du Zyoudek. Sentimendu hori agerikoagoa omen da gizonezkoen kasuan, familiaren zama berengan hartzen dutelako. Hortaz hitz egitea ez du gustuko Ibrahimek: “Zure etxea erasotzen ikusi eta ezin ezer egin!”.

Etxeko leihotik

Hain zuzen, kolonoen erasoen ondoko ezintasunari eta beldurrei aurre egiteko, berezko neurriak hartzeari ekin diote Asirako familiek. Ahozko salaketek indarrik ez dutela salatu eta irudiez baliatzen hasi dira, orain arte aurkitu ez duten babesaren bila-edo.

Aldaketa horren abiapuntu izan da palestinarren giza eskubideen alde lan egiten duen B’tselem erakunde israeldarra. 2007tik lurralde okupatuetan kolonoen oldarra sufritzen duten familiei bideo-kamerak eman eta eguneroko testigantzak jasotzeko eskatu die. Helburua, Israelgo zein nazioarteko publikoari okupazioaren eguneroko indarkeriaren berri ematea eta agintari israeldarrei presio egitea ekintzen erantzukizuna har dezaten.

B’tselemgo prentsa arduraduna Sarit Michaeli da. Azken urtean Asira herrixkatik inoiz baino bideo gehiago iritsi zaizkiela nabarmendu du: “Maila baxuko eraso bezala ezagutzen diren ekintzen gorakada egon da, eta horrek gutxinaka-gutxinaka izugarrizko inpaktu psikologikoa du palestinarrengan”.

Asirako emakumeek paper garrantzitsua jokatzen dute bideoen grabaketan. Khadrarentzat egongelako leihoa eta sabaia dira kamera atera eta ikusten ari dena grabatzeko tokirik aproposenak: “Askotan goizetan etortzen dira, senarra lanean dagoenean. Beraz, alaba txikiak logelaren babesean utzi eta gertakaria kameran islatzen dut”.

Baina kolonoak Yizharrera bueltatzen direnean eta Khadrak stop botoiari ematen dionean hasten da Makhlouf familiarentzat benetako borroka. Hurrengo erasoa ekiditea ezinezkoa izango dela jakinda, beraien eguneroko errealitatea kanpoan ezagutzera ematea bilakatu da xedea. Irudiek babesa ematen dietela ziurtatzen dute, geriza hori soilik psikologikoa baldin bada ere. “Noizbait norbaitek geratuko ditu, eta guk aski froga erakutsiko ditugu ordurako”, dio Ibrahim Makhloufek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-04-21 | Mati Iturralde
Existitzen ez den herria

“Ez den herrian sortu ginen, eta geu ere, esan gabe, konprenitzen da ez garena garela”, Joseba Sarrionandia.

Askotan, nire buruari galdetzen diot zer gertatu ote zen Alemaniako jendarteak nazismoaren ondorioak ezagutu zituenean, hau da, horrelako komunitate... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Palestina NBEko kide izateari betoa jarri diote AEBek

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Eguneraketa berriak daude