argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Belarrik jan gabe, arma nuklearren jabe
  • Deigarria egiten da zein oihartzun lausoa izan duen gure artean duela bi aste Saudi Arabian egin eta jakinarazi zaigun tratuak: edozein erasoren aurka baliabide guztiekin elkar defendatzeko ituna sinatu zuten Saudi Arabiak eta Pakistanek.

Mikel Aramendi 2025eko irailaren 30
Edozein erasoren aurka baliabide guztiekin elkar defendatzeko ituna sinatu zuten bertako factotuma den MBS-Mohamed bin Salman printze oinordekoak, Xehbaz Xarif Pakistango lehen ministroak, eta bi herrialdeetako Defentsa ministroek.

“Belarra jan beharko badugu ere, izango dugu guk ere geurea”. Zulfikar Ali Bhutto, Pakistango lehen ministroa (1973-1979) zenaren ahotan jarri ohi dira beti hitz horiek, India potentzia nuklear bihurtu zenean Pakistanek ere bere arma atomikoa lortzeko abian jarri zuen eginahala azaldu behar denean. Benetako historia nahasiagoa da, eta Abdul Qadir Khan-ena bezalako gorabeherak ditu bere ibilbide luzean. Baina egia konplitua da Pakistan potentzia nuklearra dela 1980ko hamarkadaz geroztik. Eta Ez-Ugaltze Tratatua sinatu ez duten (eta, beraz, formalki bederen, hura bete beharrik ez duten) herrialdetako bat.

Bestalde, gaur egun eduki ditzakeen 170 buru nuklear inguruak jaurtikitzeko, misil-sorta joria landu du Pakistanek; eta ziurtzat ematen da haren urpeko ontzi konbentzional eguneratuenak misil nuklearrak jaurtitzeko gai direla. Gainera, propultsio nuklearreko urpeko ontziren bat ere egitear izango luke. Belarrik jan behar izan ez badu ere, giza garapenean atzenekoetakoa izaten jarraitzen du Pakistanek (betiereko etsaia duen India baino atzeagoan). Baina argi dago potentzia nuklearra dela, eta ez nolanahikoa.

Gauzak horrela, deigarria egiten da zein oihartzun lausoa izan duen gure artean duela bi aste Saudi Arabian, agerikotasun guztiarekin, egin eta jakinarazi zaigun tratuak: edozein erasoren aurka baliabide guztiekin elkar defendatzeko ituna sinatu zuten bertako factotuma den MBS-Mohamed bin Salman printze oinordekoak, Xehbaz Xarif Pakistango lehen ministroak, eta bi herrialdeetako Defentsa ministroek. Horrelakoetan ezinbestez esan beharrekoa delako edo, ituna “ez dela inoren aurkakoa” berretsi dute alde biek, balizko erasoa inork egin behar ez balie bezala. Zertara ote, orduan, akordioa?

Izatez, betiere estuak izan diren hartu-eman saudi-pakistandarrak goragoko maila batera daramatza itunak, dudarik gabe. Bisitaldian bertan nabarmendu da. Bere herrialdetik nekez ateratzen den MBSk azaroan Pakistanera egin behar omen duenean are gehiago berretsiko da hori. Hango ekonomiak grinaz hartuko du.

Baina Riadeko itunaren edukia militarra da eta, indiar itsuak bagina bezala, elefantea eskuz ukituz deskribatu nahi dela ematen du. Bakoitzak bere aldetik. Batzuentzat, Indiari tentetu behar litzaizkioke belarriak. Beste batzuk, nekez sentituko duten poza adierazten dute. Bada “inoren kontrakoa ez dela” tesi ofizialari eutsi nahi dionik ere. Deigarria da nola egiten zaion iskin begien bistakoa denari: Saudi Arabiak albo-alboan duen potentzia nuklear bakarra, Israel, izango dela mezuaren lehen hartzailea.

Esamesa baino gehiago zen aspaldi-aspalditik Pakistanen eginahala nuklearra elikatu zuen jaki berdea ez zela belarra izan, baizik Saudi Arabiaren dolarrena. Itunak argi eta garbi berretsi duela esango nuke. Ondorioa da, Saudi Arabia, zeharbidez, arma nuklearren jabekide dela. Belarrik jan gabe. Ez da belaze-lekua.