argia.eus
INPRIMATU
Behatokiak uko egin dio “gaztelania sustatzea helburu duten” jardunaldi batzuetan parte hartzeari
  • Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argudiatu du kontraesanean daudela jardunaldien helburua, hau da, gaztelania bultzatzea, eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea. Observatorio Global del Español erakunde antolatzaileari gutunez eman dio erabakiaren berri, eta 2024an jasotako hizkuntza eskubide urraketen lagin bat bidali dio.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 20a
Hizkuntzen eta Kulturen Behatokien Nazioarteko Konferentziaren aurkezpena. Errioxako Gobernua.

Hizkuntzen eta Kulturen Behatokien Nazioarteko Konferentziak behatokien eta analisi-zentroen ordezkariak bilduko ditu maiatzaren 19tik hilaren 21era. Hiru helburu nagusi ditu: parte hartzen duten zentroak elkar ezagutzea, esperientziak eta lan-metodologiak trukatzea, eta munduko hizkuntzen behatokien sarea sortzea. Espainiako eta Iberoamerikako ordezkariak bilduko dira. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gonbidapena jaso zuen parte hartzeko.

Astelehenez, prentsa-ohar bidez, jakinarazi du Behatokiak uko egin diela Errioxako jardunaldiei. Behatokiaren ustez, Observatorio Global del Español erakunde antolatzailearen helburuak dira gaztelania sustatzea, identitate gaztelaniadunak sendotzea eta gaztelaniaren ekonomia garatzea. Gehitu du asmo horiek “zuzenean” oztopatzen dutela euskararen normalizazioa eta biziberritzea, baita beste hizkuntza gutxitu batzuena ere. Behatokiaren iritziz, hizkuntza gutxituak dauden lurraldeetan hizkuntza hegemonikoa sustatzea oztopo larria da, eta ondorioz, “jardunaldien helburua ez da hizkuntza ezberdinetako hiztunen eskubideak eta hizkuntzen egoerak aztertzea, hala irudikatu nahi izan duten arren”.

Behatokiak gogorarazi du urtero jasotzen dituztela hizkuntza eskubideen urraketen adibideak, eta horietako asko Espainiako Estatuko administrazioek egindakoak direla. Urraketa horien berri ematen dute urteko txostenetan eta Europako erakundeetan. Azpimarratu du Espainiako Estatuaren araudi juridikoak zein hartutako neurri eta baliabideak “gaztelaniaren hegemonia iraunaraztera bideratuta” daudela. Hala, gogorarazi du euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharko lituzketela Espainiako Gobernuak eta haien administrazio publikoek.