argia.eus
INPRIMATU
Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskuaz ohartarazi du 2024ko txostenean
  • Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu dute. Behatokiak herritarrei dei egin die egoera bidegabeak problematizatzera eta isildu beharrean salatzera.

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 03a
Agurne Gaubeka eta GarbiƱe Petriati Behatokiaren 'Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024' txostena aurkezten. Hizkuntz Eskubideen Behatokia

Herritarrek, 2024an, Euskararen Telefonoa zerbitzua erabilita, 1.206 gertakariren berri eman dute. 1.112 kexa jarri dituzte euskaltzaleek, 62 zoriontze egin dituzte eta 32 kontsulta, iradokizun edo bestelako. Behatokiak gogorarazi du euskaldunek egunerokoan jasaten dituzten hizkuntza eskubide urraketak “zenbaezinak” direla, eta emandako zifrek salatutakoak baino ez dituztela jasotzen. Herritarrei dei egin die eskubide urraketak ez ditzaten onartu, eta egoera horiek desnaturalizatu, problematizatu, eta isildu beharrean, salatzera.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azpimarratu du herritarrek egindako salaketak ikusita, ezin dela esan egoerak hobera egin duenik. Fokupean, beste behin, eta batez ere, administrazioak eta agintari publikoak daude, kontuan izanda araudiez eta lege babesaz horiek arduratzen direla. Bestetik, eremu sozioekonomikoko enpresa eta entitateak salatu dituzte herritarrek.

Irakurketa orokorra da gaztelaniak eta frantsesak nagusitasun argia izaten jarraitzen dutela, eta aldiz, Euskal Herri osoan, ahoz bezala idatziz, euskaraz informazioa jaso eta euskara erabiltzeko trabak daudela. Are gehiago, Gaubekak eta Garbiñe Petriatik prentsaurrekoan azpimarratu dute kexei emandako erantzunetan urraketa horiek betikotzeko saiakera atzeman dutela.

Osasungintza, segurtasuna eta zaintza

Espazio publikoan, hiru gai horiekin lotutako zerbitzuetan traba asko izaten jarraitzen dute herritarrek, eta salaketa kopuru handia jaso duten esparruak dira. Paisaia linguistikoari lotutako gertakariak ere jaso dituzte, adibidez, Nafarroako Gobernuari dagozkionak.

Hezkuntza alorrean, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskararen irakaskuntza zabaltzeko oztopoek hor jarraitzen dutela frogatu ahal izan dute. Euskal Herri osoko ikuspegia hartuta, berriz, Lanbide Heziketako eskaintza ezak eta unibertsitateetako eskaintza mugatuak kexak jaso dituzte.

Aurreko urteetako egoerak gainditu gabe, eremu publikoan

Hiru administrazioek, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, orokorrean, euskaraz bizitzeko bermeak eskaini gabe jarraitzen dutela adierazi du Behatokiak, eta salatu du herritarren kexetan ikusten dela eskubide urraketak daudenean neurriak hartzea falta dela.  

Espainiako eta Frantziako estatuen administrazioen jokamoldeak salatu dituzte herritarrek. Lehenengoaren joera izan da “indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea”. Bigarrengoak “gutxiagotutako hizkuntzetako herritarren ukazio sistematikoa" egiten jarraitzen duela esan du Behatokiak.

Tokian tokiko entitateei dagokienez, batzuen aldetik herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko ahalegina sumatu dute, eta beste batzuen aldetik, aldiz, ikusi dute hizkuntza eskubideak txertatu gabe dituztela haien jardunean.

Eremu pribatuan, esparru sozioekonomikoan, euskara ofiziala ez den tokietan hizkuntza eskubideei aitortza egiten dieten enpresa gutxi daudela jaso dute. Euskara ofiziala den tokietan, azpimarratu dute enpresek erabiltzaile eta kontsumitzaileekiko betebehar zehatzik ez dutenez, ondorioak bezeroek jasaten dituztela.

Erakundeen ardura

Behatokiak adierazi du “erakundeetatik hartzen ez den erabaki bakoitzak edo bermeen kontrako erabaki bakoitzak ondorioak" dituela. Batetik, gaur egungo urraketak betikotzen dira, baina, bestetik, jokamolde horiek “hiztun komunitateko kideek bizi duten berdintasun eza eragiten dute” eta ondorioak dauzka ongizatean, segurtasunean, osasunean eta zaintzan, besteak beste. Behatokiak gehitu du, “azken finean, zerbitzu publikoen kalitatea” dagoela jokoan.