argia.eus
INPRIMATU
Begoña Atutxaren ‘Euskal rock erradikala’ filma estreinatuko da gaur Bilbon
  • Zarama, Hertzainak, Kortatu, Barricada, La Polla, Eskorbuto, Cicatriz, RIP eta beste hainbat taldetako musikarien hitzak jaso ditu Begoña Atutxak Euskal rock erradikala: 80ko hamarkadako Martxa Handia dokumentalean. Gaur aurkeztuko dute filma, 20:00etan Bilboko Alondegian.

2012ko ekainaren 19a
Cicatriz taldea izan zen euskal rock erradikalaren ikurretako bat.

"Santurtzitik Bilbora, gaztetxe eta auzoetatik doa dokumentala euskal rock erradikalaren historiaren bila, hiriz hiri", dio filmaren afixak. "Protagonistek hitz egingo dute, haietariko asko dagoeneko gure artean ez dauden arren".

K2000 ekoizpen-etxeak egin du dokumentala Espainiako TVE telebistarako, eta aurki La2 katean emitituko dute. Aurre-estreinaldia ordea gaur izango da Bilbon, Alondegiko Live Music Experience erakusketaren baitan. Proiekzioa amaitzean, gainera, ikusleek Begoña Atutxa zuzendariarekin hitz egiteko parada izango dute. Sarrerak 4 euro balio ditu.

Live Music Experience

"Erakusketa baino gehiago", diote Alondegiko kideek, "Live Music Experience aukera bat da rock, soul, hip hop, metal, hiriko musika, reggae eta Estatu osoan azken 40 urteotako historia markatu duten bestelako musika-diziplinen onena gogora ekartzeko". Edukirik handiena Bilbori eta Euskal Herriari eskaini dietela gaineratu dute. Irailaren 2ra arte luzatuko da erakusketaren harira prestatutako egitaraua: Kulturen Atarian Bilbao BBK Live jaialdirako programatutako kontzertuetako batzuk izango dira; astearte eta ostegunetan, Gaztea Live-n barruan, ETBren artxiboko 26 kontzertu adierazgarri proiektatuko dituzte; eta tailer eta mintegiak antolatuko dira, besteak beste.

Euskal rock erradikala

1980ko hamarkadaren hasieran sortutako mugimenduaz mintzo diren dokumentalen artean, nabarmentzekoa da 2001. urtean Eriz Zapirainek zuzendutako Salda Badago izenekoa. Euskal rockaren hastapenei buruzko filma ARGIA.com-eko Multimedia kanalean duzue ikusgai.