argia.eus
INPRIMATU
Beethoven naturala
Montserrat Auzmendi del Solar 2025eko azaroaren 12a
Kursaal

Kursaal Eszena Zikloa
Zer: Beethovenen sinfonien integrala (III. atala). Orchestre des Champs Élysées. Bethovenen 5. eta 6. sinfoniak
Zuzendaria:  Philippe Herreweghe.
Non:  Donostiako Kursaal Auditorioan.
Noiz: Urriaren 22an.

--------------------------------

Udazkenarekin batera, oso ziklo interesgarriak iristen dira melomanoentzat. Eta horietako bat Kursaal Eszenako zikloa da. Aurten, klasikoari dagokionez, lau kontzertu bikain izango ditugu. Eta lehenengoak ez du huts egin. 

Philippe Herreweghe zuzendari belgikar handia ez da berria donostiarrentzat. Maiz etortzen da guregana. Eta, bestalde, oraingoan Kursaalen eskaini duen kontzertua Beethovenen sinfonien integralaren hirugarren atala izan da.

Bere zuzendaritzaren ezaugarri nagusia da maisuak aldez aurretik partitura originalak eta obren lehen edizioak aztertzeko modu zehatza eta zorrotza. Horregatik, lantzen dituen obreetatik ematen duen ikuspegia, orkestra moderno handiek eskainitako bertsioen ezaugarri diren anpulutasunetik eta gehiegizko erromantikotasunetik urruntzen da. XIX. mende hasierako orkestra eta aretoetako soinua eta interpretatzeko modua eskaini nahi dizkigu.

Horregatik, Orchestre des Champs Élysées taldeak, 1990eko hamarkadan berak sortutako orkestrak, garaiko instrumentuekin interpretatzen du. Horrela, sonoritate gardena eta garbia lortzen da, zeinetan motibo oro, musika-zelula oro garbi-garbi entzun daitekeen.

Ezaugarri horiek nabarmendu dira komentatzen dudan kontzertuan. Hasteko, Beethovenen seigarren sinfonia interpretatu zuten. Sinfonia hori, Pastoral izenekoa, naturaren benetako ospakizuna da. Bere bost zatiak, benetan deskriptiboak diren izenburuekin (Beethovenek inoiz egin ez zuen bezala), naturako bizitzaren alderdietan zentratzen dira. Bakea, sosegua eta naturarekiko maitasuna adierazten dituen obra da. 

Herreweghek bere keinu txiki eta zehatzekin, mugimendu oso txikiekin, modu diskretuan zuzendu du. Musikariak musikarekin zuzenean harremanetan jarriko balira bezala. Tempo arinak izan dira, eta aldaketa dinamikoak beti orekatuak. Dena bere neurrian, maisu belgikarrari gustatzen zaion bezala. Beharbada, bere bertsioa gehiegi xehetasunean zentratzen da eta ikuspegi orokorra galtzen du, baina, hala ere, preziosismo hori urrea da, nire ikuspuntutik.

Bigarren zatian, mendebaldeko kulturaren benetako monumentua den Beethovenen bosgarren sinfonia izan da protagonista, bere lau notako motibo artxifamosoarekin. Nork ez du ezagutzen?

Beethovenek bere gorreriaren ondorio izugarriak nabaritzen hasi zenean egindako lan zoragarri hau borrokaren eta azken  garaipenaren froga da. Beethovenek une kritikoak pasatzen zituen, baina horrek ez zion eragotzi musikaren historiako lanik bikainenak konposatzen eta sortzen jarraitzea. Bestalde, garai hartako ingurune politikoak, Europa suntsitzen zuten gerra napoleonikoek ere badute eragina obra maiestatetsuan. Orkestrak bere bertsioa eman du, sutsua, baina gardena, bizia. Lehen mugimenduak soinu bikaina izan du, biribila eta argia. Interpretazio osoa azpimarragarria da, baina Andante con moto delakoaren bariazioen azalpenaren argitasuna eta amaierako Allegroa-ren bizitasuna eta freskotasuna azpimarratuko nituzke. 

Eskerrik asko, Herreweghe jauna