Bere semearen heriotzaren atzean eskolan jasaten zuen bullying homofoboa zegoela ziurtatu du mutikoaren amak, hainbat hedabide estatubatuarrek jaso dutenez. Polizia kasua ikertzen ari da.
AEBetan jazo da gertakizuna. Ikasturte berria hasi eta lau egun eskasera, bere buruaz beste egin du James Mylesek, Denver-eko bederatzi urteko umeak. Mylesek bere amari eta arrebari homosexuala zela jakinarazi zien udako oporretan, eta eskolako kideak ere jakinaren gainean jarri nahi izan zituen. “Eskolan hasi zenean jendeari gay-a zela kontatuko ziola esan zuen, bere buruaz harro sentitzen zelako”, dio Leia Piercek, Mylesen amak.
Arrebak adierazitakoaren arabera, nebak kontatu zion nola eskolako zenbait kidek “suizidatu zaitez” esan zioten. Hala bada, Mylesen suizidioaren atzean bullying homofoboaren eragina dagoela ziurtatu du honen amak. Polizia kasua aztertzen ari da.
James Mylesena ez da kasu isolatua, hango eta hemengo eskoletan ematen den arazoa baita LGBTIfobiak eragindako bullyinga. El Saltok Mylesen inguruan idatzitako artikuluan Arcópoli Gorroto Delituen Behatokiko arduraduna den Ruben Lodik gogorarazten duenez, eskoletan aniztasun sexuala normalizatzeak berebiziko garrantzia dauka.
Ikasturte hasieran “eskolako langileei eta gurasoei adi egoteko eskatu behar zaie, haurrek eskolara joan nahi duten ala ez behatzeko, edo pasilloetan, eskolako sarreran, askorentzat infernu bat izan diren tokietan zein jarrera daukaten ikuskatzeko”, dio Lodik. Gaiarekin loturan, Twitter-eko #MeQueer traola aipatu du, zeinarekin hainbatek elkarbanatu duten eskola garaian jasandako bullying LGBTIfoboa.