Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokak enplegu erregulazio txostena aurkeztu du 2013. urteko bigarren seihilekorako.
Langile guztiei eragingo die neurriak, baita zuzendaritzako kideei ere. Datozen sei hilabeteetan lau eta zortzi aste bitarteko etenaldiak egingo dituzte.
Berehala martxan jarriko den planarekin BECeko zuzendaritzak saihestu nahi du langile gehiago bidaltzea oraingoz. Maiatzean kontratu finkoa zeukaten lau langile kaleratu zituen.
Zenbaki gorriak
Bizkaiko azpiegitura erraldoia egoera larrian dago azken urteotan: lau urtean 17,1 milioi euro galdu ditu eta 2008tik 2011ra bitartean %54 erori dira diru-sarrerak.
2004an ireki zuten erakustazoka. 600 milioi euroko inbertsioa eskatu zuen eraikuntzak eta EAEko Kontu Auzitegiak 2007an adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2027ra arte jarraituko dute ordaintzen.