argia.eus
INPRIMATU
BEC ondoko ‘minipisuak’: 1.000 euro hilean eta 24 metro koadro, iruzurrean oinarrituta eta legearen gainetik
  • 639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako alokairua" izan daiteke, itxuraz mugarik gabe. Are, "bizi Be Casan" diote, simulazio baten arabera, ohiko alokairuan bizitzea baino merkeagoa delako haien eskaintza.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko abuztuaren 26a
Barakaldon, BEC erakustazokaren ondoan eraikitzen ari diren ustezko hotela. Be Casa

Iragarrita zegoen kolpe urbanistikoa eta aurrera doa prozesua. Prezioak ezagutarazi berri dituzte: hilean, 980 eurotik aurrera ordainduta, 24 metro koadroko estudiotxo bat alokatu ahalko da; eta 1.620 eurotik aurrera, berriz, 34 metro koadroko etxetxoa. BEZa barne edo kanpo, iragarkiak ez du argitzen. "Halako zifratik aurrera" aurrezkia daramate prezio guztiek, ez alferrik, oraindik eraikitze prozesuan dagoelako, eta kolpe urbanistiko eta turistikoaren tamaina neurtzeke dagoelako. Lekua bera estrategikoa da: Bilbo eta herrigunea ez ezik, Gurutzetako ospitalea, metroa, autobidea eta aireportua gertu daude. 

Duela bost urte baino gehiago hasi zen Barakaldoko BEC erakustazokaren ondoko lur eremua urbanizatzeko prozesua. Lindanoa eta beste zenbait pestizida toxiko isurtzen zituen enpresa batena zen partzela, 4.600 metro koadrokoa, BECen jabetzakoa izango zena gero. Eta BECek 2021ean saldu zuen ia milioi eta erdi euroren truke, jakinda soil-soilik hotela eraikitzeko baimena zuela lursail horrek.

Greystar etxe-agentzia estatubatuarrak erosi zuen partzela. Berea da Be Casa deituriko marka, etxe txikiak alokatzeko plataforma. Itxuraz turistak arrantzatzeko dirudi, baina flex living edo "alokairu malgu" forma du, eta "eredu berria" omen. Haien esanetan, "ikasle erresidentzien eta behin betiko etxebizitzaren arteko zerbait da". Honako hau ere irakur daiteke haien webgunean: "Apartamentu baten intimitatea, hotel baten zerbitzua eta amankomuneko espazio batzuk bizitzeko eta bizikidetzarako, gure egoiliarren ongizatea filosofiatzat hartuta".

Egun bat, bi eta gehiagorako ez ezik, aste eta hilabete batzuetarako alokairua ere eskaintzen dute. Mugarik gabe, itxuraz. Are, "bizi zaitez Be Casan" iradokitzen dute, eta haien eskaintza ohiko alokairuen prezioekin alderatzen, gastuen simulazio bat eginda, ulertarazteko merkeagoa dela Be Casan bizitzea ohiko alokairuetan baino.

Ordenantzaren gainetik

Barakaldo Digital blogean irakur daitekeen moduan, proiektuak hasieratik piztu du polemika. 600ndik gora apartamentu izango zirela duela hiru urte ezagutarazi zen, eta, udalbatzan, oposizioko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ez ezik, udal gobernuko PSE-EE eta EAJ ere desados agertu dira lehen unetik. Gauzak horrela, udal gobernuak oroitarazi zuen "erresidentzia erabilera" ez zegoela onartuta, hotelarena baizik

Udalak ohartarazpena egin eta gutxira, Be Casa-ren webgunean aldaketa esanguratsu bat egin zuten: "apartamentu" izendatu beharrean, "hotel apartamentu" ipini zuten. Espainiako Etxebizitza Legeari ihes egiteko trikimailu bat izan zen. Eta ez soilik Barakaldon. Izan ere, Be Casa proiektu bertsuekin lanean ari da Bartzelonan eta Madrilen.

Aurrera doa Barakaldoko proiektua, "minipisuen" dorrea gisa ezaguna. Urte honen amaieran aurreikusi dute zabaltzea, eta dagoeneko hasi dira publizitate kanpaina egiten, %10eko promozioa ipinita.