argia.eus
INPRIMATU
BBVA ustelkeriagatik auzipetu dute Villarejo kasuarengatik
  • José Manuel Villarejo Espainiako polizia ohiaren auzia daraman epaileak BBVA bankua auzipetzea erabaki du sobornatzea, sekretuak ezagutaraztea eta ustelkeria egotzita. Villarejo polizia ohiaren enpresei egindako ordainketekin dago lotua auzia.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 30
José Manuel Villarejo polizia ohia eta BBVAko presidente ohi Francisco González.

José Manuel Villarejo auziko epaile Manuel Garcia Castellónek BBVA bankua auzipetzea erabaki du, “Tandem” atalaren barruan. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak egin zuen eskaera hori, eta epaileak onartu egin du. Fiskaltzaren arabera, BBVAk Villarejoren enpresei ordainketak egin zizkien legez kontrako lanen truke. Esaterako, pertsonei jarraipenak egitea, komunikazioak zelatatzea edo dokumentazio pribatua eskuratzea. Fiskaltzaren arabera frogatua dago bankuak Villarejoren enpresa sarearekin loturiko CENYT enpresari ordainketak egin zizkiola.

Urte hasieran zabaldu ziren auzi honen inguruko lehenengo albisteak, eta jarraian BBVAko presidente Francisco Gonzalezek dimisioa aurkeztu zuen. Auziaren kasurik ezagunena “tranpa operazioa” izenekoa da: ustez, BBVAk Villarejorekin legez kanpoko hainbat lan kontratatu zuen, Sacyr eraikuntza enpresa bankuaren administrazio kontseiluan sartzea ekiditeko. Villarejo auziko Tandem atalean, bankuaz gain, bederatzi pertsona daude auzipetuta: bankuko bi segurtasun arduradun eta hainbat arlotako zazpi zuzendari. Gonzalez presidente ohia ez dago auzipetuen artean.

BBVAk prentsa oharra argitaratu du bankua auzipetua dagoela jakin denean. Oharrean, errugabetasun presuntzioa aldarrikatzen du bankuak. Haren ustetan, “ikertua izateak ez du frogatzen, prozeduraren aurretiko fase honetan, deliturik egin izana”.