argia.eus
INPRIMATU
BBCk Israelen alde egitera behartzen dituela salatu dute bere langileek
  • BBCko 100 langile baino gehiagok gutun bat argitaratu dute hedabideak Israelen alde duen jarrera salatzeko. Modu anonimoan egin dute, bestela "ondorio larriei" egin beharko lieketelako. Erresuma Batuko kultura eta komunikazio arloko beste 300 pertsonek ere sinatu dute testua.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 07a
owenjones.news

"Israel/Palestina informazioari buruz BBCren erabaki editorial opakuen eta zentsuraren inguruan gure kezkak adierazteko idazten ari gara", dio idatziaren lehen esaldiak, eta zentsuratutako dokumental baten berri ematen du hasieran. BBCk Gaza: Medics Under Fire dokumentala emititzea ez zuela onartu salatu dute gutunean. Dokumentalak hedabidearen politikak eta arauak betetzen zituela ziurtatu dute, baina "erabaki politikoa" izan zela ez zabaltzea, BBC "Israelgo Gobernuarekiko kritiko hautemanak izateko beldurrak jota dagoelako". 

Gutunean adierazi dute ez dutela bilatzen BBC alde batean edo bestean kokatzea, kazetariek "beraien lana gardentasunez egitea eta testuinguru egokian berriak ematea" baizik. "BBCko goi mailetan hartutako erabaki opakuek zapuztu dituzte gure ahaleginak, eztabaidarik eta azalpenik gabe". Hutsune ugari seinalatu dituzte BBCko kazetariek: "Erakunde gisa ez dugu analisi esanguratsurik egin Erresuma Batuko Gobernuak palestinarren aurkako gerran parte hartu izanari buruz. Ez dugu arma salmenten edo horien ondorio juridikoen berri eman".

"Palestinarren aurkako arrazakeria"

Hori guztia "ez da kasualitatez gertatu, nahita izan da", diote gutunaren sinatzaileek, eta arazo orokorrago baten barruan kokatu dute: "BBCk Palestina-Israeli buruz ematen dituen berrien parte handia palestinarren aurkako arrazakeriak" definitzen du. 

BBCko kazetarien arabera, 2023ko urriaz geroztik telebista kateak Israeli eta Palestinari buruz argitaratutakoek ez dituzte komunikabidearen "estandarrak" betetzen. "Amildegi bat dago BBCk Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari denari ematen dion jarraipenaren eta gure publikoak ikus dezakeenaren artean, iturri sinesgarri askoren bidez zabaltzen ari baita, giza eskubideen erakundeak, NBEko langileak eta tokian tokiko kazetariak barne". Errrealitatea desitxuratzea egotzi diote beren komunikabideari: "Jakin badakigu BBCren informazio-eskaintza ez datorrela bat errealitatearekin. Telefono bat duen edonork ikusi ditu Gazako eta Zisjordaniako irudiak, baina BBC News-ek 'gai konplexua' dela esanda nahasten ditu".