Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren argitzeko orduan sortzen dira gorabeherak. Ez dira makalak kasu honetan.
Nora/nola begiratu erabaki behar zelako lehendabizi. Eta kontzeptualki deigarria bada ere, Mendebaldeko hedabide guztiek (baina ez haiek bakarrik) agintarien palkora begiratu dute Pekinen. Protagonistak haiek balira bezala. Eta ez, gainera, Tian’anmen-eko Rostrum-ean zeuden guztiengana, baizik hango bizpahirurengana. Xi, Putin eta Kim ez beste guztiak betelanekoak balira bezala. Desfilearen zioak (Japoniar inbasioaren aurkako gerraren akaberaren urteurrenak) zerikusirik ez balu bezala.
Agian berezi samarra izango naiz, baina niri deigarria egin zitzaidan bakar-bakarra Prabowo indonesiarraren agerpena izan zen. Eta ez soilik biztanlez munduko laugarren herrialdeko agintari gorena delako, baizik bezperan oraindik haren presentzia ezinezkotzat jotzen genuelako, Tianjineko goi-bilkuran gertatu bezala. Aireportutik zuzenean heldu zela desfilera, esan liteke. Argigarria izango litzateke aparteko ahalegin horren zergatiak zehatz jakitea.
Benetako eta landutako mezuak kausitzeko, haatik, Rostrum-era ez baizik Chang’an hiribideko galtzadara begiratu behar zela esango nuke. Hiru bat mezu aditu nituen nik, desfileak berak eramandako ordenan. Bat, etxerako, betiko tenorekoa, baina inoiz baino landuagoa: “Zer armada ederra daukagun! Nolako neska-mutilak! Munduko bikainenak eta prestuenak! Gora gu eta gutarrak!”. Plastikoki, miresmena ereiten dute formazio robotoide horiek, eta ez Txinan bakarrik.
Bigarrena, armamentu konbentzional aurreratuaren erakustaldia. Asmo bihurriak eduki ditzaketen auzotarrentzat gaztigu, edota balizko erosleentzat katalogo izan daitezke. “Defentsa-gastuak” areagotu behar omen diren aldi honetan, merkatu horretan ere egon nahi du Txinak. Eta zer saldua baduela erakutsi zuen, batez ere desfilearen erdialdean.
Eta azkenean, beti bezala, neure artean “Cisneros unea” deitu ohi dudana etorri zen: “Hauek dira gure botereak”. Armamentu estrategikoa; batik bat, nuklearra. Biziro eguneratua. Mezua, etsai edo, gutxienez, aurkari izan daitezkeenentzat da, noski. 2019an, oso laburra eta argia izan zen mezu hori: M.A.D., Mutual Assured Destruction. Orduko ICBM erakustaldiak frogatu zuen, eraso nuklearra egiten bazitzaion, erasotzailea suntsitzeko ahalmena bazuela jada Txinak. Aintzat hartua izan dela ematen du harez geroztik ikusiak.
Aurtengoan, mugatuagoa, zehatzagoa izan dela iruditzen zait: “Lehen Irla-katea nahieran jo dezakegu. Bigarrena, ez da existitzen. Ez ezazu, AEB, marra [egun-aldaketarena] zeharkatu erasorako, gure irismenaren pean zaude eta erabat”. Japonia eta Filipinentzat kopia daraman mezua da. Zer esanik ez Taiwanentzat.
Ikusiko dugu jasotzen duten.