Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.
Plentzia euskal errepublikaren parte izateko lehenengo herria izan zen, eta haren atzetik Alkiza eta Gernika batu ziren. Aste honetan Baztango Osoko Bilkurak erabaki berbera hartu du, EH Bildu eta Zurekin Baztanen aldeko bozkek mozioa aurrera egitea baimendu dute. Horren kontra agertu dira Geroa Bai, UPN eta Baztango Independenteak.
Baztango Udalak "euskal errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta" dela aitortu du. Horrekin batera, "erreminta horrek eskubide guztiak guztiontzat ziurtatuko lituzkeela baieztatzea", eta, aurrekoa puntuak bat eginez, udalak "euskal errepublikaren parte" deklaratzen du bere burua. Ehun-en adierazpenekin bat egin du udalak: "Udalek inork baino hobeki ezagutzen dituzte herritarron taupada eta beharrak. Hala ere, aunitzetan, herritar guztion interesak babesteko erremintarik gabe daudela uste dugu".
Ehun mugimendua
Ehun Kataluniako Procés-aren gainbeheraren testuinguruan sortu zen 2019an. "Egitura politiko nagusien kontrako norabidean igeri egiteko eta independentzia prozesuak aldebakartasunari lehentasuna" emateko sortu zuten ekimena. Bost urte geroago, ekimena "itzaltzea" erabaki zuten, "baliabide humano eta ekonomiko nahikorik" ez izateagatik, eta "elite independentistek lana izugarri zaildu" dutelako.
Ekimena "itzali" baino lehen, Euskal Herri osoko 101 udaletan independentzia mozioak erregistratu zituen herri horietako alderdi politikoek eta herritarrek "euskal errepublikaren" aldeko urratsak emateko.