Baziren behin Nasser, Nehru, Zu Enlai eta Bandung


2005eko maiatzaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Egunotan urrezko ezteiak ospatuko zituzten Herrialde Ez Lerratuek... baldin eta beren mugimendua 50 urteotako historiaren ekaitzetatik onik atera balitz. Bandung hirian 1955ean burutu zen Konferentzian ipini zuten abiapuntua. Eta munduko kolonizatuek askapen aldarria entzun zuten. Urteurrenak espektakulu beharren arabera antolatzen dira, bistakoa denez. Gauza inportante asko gertatu ziren duela urtebete edo bost, hamar, hogeita bost, berrogeita hamar, ehun urte; baina horietatik komunikabideok ikuskizun salgarri direnak hautatu eta nabarmenduko ditugu. Behar izanez gero, borobiletik gutxi duten datak ere -II. Mundu Gerraren akaberaren 60. urteurrena ari gara aspalditik ospatzen, iazko udan Normandian antolatutako zirkotik hasita- nola edo hala zelebrazioen egutegian koadratzeko modua egiten da. Horrelako deus gabe pasatu da beste urteurren borobil hau: duela 50 urte (mende erdi) Indonesiako Bandung hirian Asia eta Afrikako zenbait herrialde independizatu berrik beren bilkura edo Konferentzia famatua burutu zuten. Mugarri haren ondotik abiatuta eraikiko zen Herrialde Ez Lerratuen mugimendua. "Herrialde Ez Alineatuak" esanda hobeto gogoratuko dira 40 urtetik gora dituzten irakurleak. "PC"k ordenagailu pertsonala bakarrik esan nahi duela uste duten gazteagoek, berriz, dena dute jakingai. Le Nouvel Afrique-Asie aldizkarian eman du horren albiste Habib Tawa batek. Orain ez da hainbeste entzuten Afrique-Asie kazeta, baina duela urte batzuk kazetari aurrerakoi askoren errefentzietako bat zen. Jakin bezate, beraz, irakurle beteranoenek 80ko hamarkadako ARGIAn Pablo Sastrek hainbatetan aipatu zuen aldizkari horrek bizirik dirauela, bere zuzendari Simon Malley-k bezala. Hilabetekariaren artikulu batzuk on-line eskaintzen ditu bere web gunean. Honela laburbildu du Bandung-1955 haren garrantzia Habib Tawak: "Duela mende erdi, sistema kolonialaren estalki zamatsua lehertu egin zen betirako, Asia eta Afrikako hogeita bederatzi herrialdek Indonesiako Bandung hirian bilduta aldarrikatu zutenean aro berri baten hasiera zela, independentzien aroa. Gure mundua gizon adoretsu haien oinordekoa da". Bandungen bildutako agintari haien buruetako bat Gamal Abdel Nasser, Egiptoko lehendakaria zen. Egipto gaur albiste da CIAren aginduz atxilotu islamistak torturatzen dituelako, horra zein neurritan den AEBren morroi. Baina 1952an militarrek estatu kolpea antolatu zuten han monarkia hankaz gora botatzeko, honako goiburuarekin: "Jaso ezazu burua, anaia: bukatu da umilazioaren garaia". Tawaren iritziz, esaldi horrek jasotzen zuen Bandungen 1955ko apirilaren 18tik 24ra bildu ziren buruzagien nahia. Bide autonomoa potentzien artean Asia eta Afrikako herrialdeak hamarkada horretan eta hurrengoan joango ziren independentzia eskuratzen, batzuetan kolonia gisa mende luzez egon ondoren. Horretarako, iraganarekin eta kolonizatzaileekiko beldurrarekin lotzen zituzten kateak hautsi behar zituzten. Bandungo balnearioan lehenbiziko aldiz 29 herrialde horiek beren buruen arabera definituko dituzte gaiak, eta ez kolonializatzaileekin kontraste eginez. Mendebaldean ulertu zuten mezu hori -bere ifrentzuan, noski- eta hemengo komunikabideetan herrialde "koloredunen" edo "beltzaranen" bilkura aipatu zen; Bandungera bilduen artean "zur"i bakarrak kazetariak baitziren. Baina aldarrikapen orokor hori zehazterako orduan, tirabirak ez ziren falta. Nagusiena aurreikusita zegoen: zer gertatuko ote zen Sobiet Batasunaren aipamenak iritsitakoan? Batzuek Moskuren arras kontrakoak ziren, eta beste batzuek -garai hartan Txinak eta Ipar Vietnamek nagusiki- sistema komunista zeukaten. Zeilango (Sri Lanka gaur) ordezkariak eraso gogorra egin zion Sobiet Batasunari, eta beste superpotentzia kapitalisten parean ipini zuen. "Denen artean hondamendiaren atarira eraman gaituzte (...) Gizadi osoa suntsitzeko mehatxu dira". Irakeko ordezkariak Mosku bera ere inperialista izatea salatu zuen: "Hainbat arraza zapaldu dute sobietarrek Eki Europan eta Asian, beste edozein indar kolonial baino urrunago heldu dira horretan". Baina Txina komunistaren ordezkari joan zen Zu Enlai-k ez omen zuen salaketa horien aurrean zirkinik egin. Keinu nabarmena zen: Txinak bere bide autonomoa hartua zuen. Ondoko urteetan Bandungen sortutako elkartea garatu ahala mamituko zen Washingtonen eta Moskuren artean bere estrategia propioa eraikitzea aldarrikatzen zuen Herrialde Ez Lerratuen mugimendua. Honen historian garrantzia berezia izan zuten geroko hainbat gailurrek: El Kairon egin zen bata 1957an, Belgradon 1961ean, Aljerren 1965ean, La Habanan 1966an... Bandungoa Pakistan, India, Zeilan, Birmania, eta Indonesia askatu berriak antolatu zuten. Afrikatik Egipto, Etiopia, Libia eta Liberia etorri ziren; Ghana eta Sudan ez ziren artean formalki independenteak, eta Afrikako beste gehienak are gutxiago. Frantziaren mende zeuden artean Tunisia, Maroko eta Aljeria, baina hauetako askapen mugimenduek baliatu zuten Bandungo konferentzia beren aldarrikapenak munduari jakinarazteko. Ekialde Hurbiletik Libano, Siria, Jordania, Irak, Saudi Arabia, Yemen, Turkia, Iran eta Afganistan joan ziren. Palestinarrak Siria eta Yemeneko ordezkaritzen barruan iritsi ziren. Asiatik bi Vietnamak, Txina, Tailandia, Filipinak, Laos eta Nepal zeuden. Konferentzia hartan fama berezia lortu zuten ondoko urteetan eta 60ko hamarkada osoan erreferentzia izango ziren zenbait politikarik. Gamal Abdel Nasser Egiptoko buruzagia Bandungen sagaratu zen mugimendu antikolonialistaren lider moduan. India ingelesen menpekotasunetik atera zuelako jadanik ezaguna zen Jawaharlal Nehru bere alaba Indira Gandhirekin azaldu zen, Gerra Hotzean bero-bero ari ziren bi blokeetatik aparte antolatzea eta mugimendu bakezalea aldarrikatuz. Norodom Sihanouk agertu zen Kanbodiatik, eta ondorengo hamarkadetan segiko zuen batera edo bestera aktualitate izaten. U Nu etorri zen Birmaniatik: honek bere herrialdeko Rangun-en eratu zuen aurretik Bandungekoaren antolatzaile bilera. Behatzaile askoren iritziz, Txinaren ordezkaria izan zen Bandungeko vedetea, Zu Enlai. Asko beldur ziren Sobiet Batasunaren defentsa hertsia egingo ote zuen, eta aldiz, diplomazia lana trebetasunez eginez, bera eta Mao Zedongen eredua atera ziren handik oso indartuta. Le Nouvel Afrique-Asieko erredaktorea ziur dago Bandungeko Konferentzia ahaztu ezinezko gertakizuna izan zela. "Behar bada gaurko gazteak ez dira ohartuko konferentzia haren ondoren mamitu ziren aldaketen neurriaz. Itxuraz, arrazoirik ez dute falta, mugimendu hura antolatu zuten herrialdeetan atzerako pausoak eman dira eta. (...) Baina gaur ditugun aurrerapenak lortu badira, hori posible izan da menderatuta zeuden gizarte haiek Bandungen beren etorkizuna beren eskuetan zegoela aldarrikatu zutelako. Jakin behar da, ordea, sakoneko aldaketek hamarka urte behar dituztela gero egia bihurtzeko". 1955ean Bandungen bildu zirenen artean zegoen begirale bezala Aljeriako mugimendu independentziazalea, buru Hocine Ait-Ahmed zuela. Ordurako frantsesek gerra zikinaren bidea abiatua zuten Aljerian. 10 urte lehenago, II. Mundu Gerra bukatu zen egun beretan (1945ko maiatzaren hasieran) 15.000 herritar hil zituen armada frantsesak Setif-en, independentzia eskatzen zuten manifestazioak itotzeko. Gezurra dirudi, baina hori ere duela 60 urte gertatu zen. Frantziak ez du egunotan barkamenik eskatu. Informazio gehiago: "Bandung 1955", Afrique-Asien Bandung 1955 Wikipedian "The follies of Tito, Nasser and Nehru", Bandungen hasitako prozesuaren bilan kritikoa "La farsa tercermundista", neoliberal indio baten balantzea Kairoko Al-Ahram egunkarian 2005eko ospakizunen eta 1995ko konferentziaren balantzea

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-25 | ARGIA
Hobi komunak aurkitu dituzte suntsituriko Gazako bi ospitaleetan

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude