Bost hilabete dira, iratzarri orduko, selfieak ateratzen dizkiodala neure buruari, eta erretratuak ikustean, balizko harrotasunez jantzi ohi naiz. Aspaldion, ordea, (hatz) erakuslea objektiboari sakatu ezinean nabil; egoak beldurtuta nauka; flashak erakutsi beharreko balizko edertasun hori desitxuratuko duelakoan, Photoshop-ak erretratua konpondu ezin eta argazkiak sare sozialetan kolorge agertuko direlakoan. Izan ere, sare sozialen itsaso zakarrean, dagoeneko bigarren mailako marinelik edo influencer-rik ez dago; denak gara kapitain; edukirik gabeko eduki sortzaileak. Lehorretan, ordea, herriko zoroetxetik ikus daitekeen beste plaza ilun eta ospel hartan geratzen dira azken naufragoak. Ez dira follower ezta influencerrak ere: algoritmoak abandonatutako arrain txikiak dira. Ostenduta daude, preso, traolak esnifatzen eta trending topic diren bideoak mugikor bidez txutatzen. Metabersoa irensten dabiltza. Txuta talde osoarena da; aspaldi boterea herritarrena zen bezala. #Goraherria!
Herriak herri, hiriak hiri, aitortu behar dizuet, aspaldion, hirira noan bakoitzean antsietateak nire atea jotzen duela. Horrelakoetan, zubi zahar baten erdian paratzen naiz eta errekari begira nagoela botaka hasten natzaio, sarritan erraiak kasik hustu arte, ur hotzak eraman ditzan nire konplexuak eta harreman iraunkorrak eraikitzeko edota ehuntzeko zailtasuna. Batzuetan, berehala alde egiten dut. Beste askotan, berriz, erreka gainean utzitako letra-zopari erreparatzen diot; Tinder aplikazioaren erruz desitxuratutako pota patetikoari. Pota poetikoari begira, alegia:
Zauri / Zeuri / Orbain / Jaioa / Desio / Zioa / Solido/ Era / Ordea / Likido / Aukera / Tankera / Argi / Fin / Kodea / Ekin / Ekintza / Adi / Aditza / Deus / Ez / Nekez / Naiz / Maiz / Jakintza / Halere / Arma / Dut / Hitza / Hi / Haizank / Artean / Bizi / Bizitza
Honezkero hamaika poema-liburu argitaratzeko adina olerki likido gordetzen ditu erreka nagusiak.
Gaurkoan, berriz, goizero bezala, oraindik edari pizgarrien zaporea ezpain artean dudala, komuneko ispiluaren aurrean paratu naiz. Istant batez, begiak itxi ditut eta gazte denborako bisaia irudikatu dut neure baitan. Begiak zabaltzerakoan, ordea… Kraska! Ispilua mila pusketan kraskatu da, bestelakoa baita aurrez aurre dagoen pertsona: dagoeneko arean arraildua. Eskerrak Instagrameko like-ek itsasgarri lana egiten duten nire memoriaren xaflekin. Tamalez, ez diot luzaroan eutsi zurikeriari; bada, zakua hartu eta… Snfff! Dosiarekin zuritu dut sudurra. Aitzakiekin zuritu dut gezurra. Diruarekin zuritu dut beldurra. Jolas hutsa balitz bezala, papelina hartu dut, tentu handiz, eta arin batean hankaz gora jarri dut barruaren hautsa, ispiluaren puskak berriz ahoka daitezen.
Horrelakoetan, iparra eta erreferentziak galtzen ditudanean, itolarria datorkit zamara. Itsaso zakarrean nabigatzen nabilela otutzen zait, eta ni, trapuzko panpina delakoaren, txanel txiki hordi arrail baten barruan sartuta nago. Psikologoak esan ohi dit aurrean dudan urezko erraldoiari aurre egitea besterik ez dudala. Arraunek, berriz, dar-dar egiten dute, euren patroia ikaratzen duen irudi alegorikoaren tamainaz edo esanguraz jakitun. Estresak jota bakarrik noa fluktuazio artean nabigatzen… Honezkero marinel trebatua izan beharko nuke; tamalez, txoa besterik ez naiz afera honetan. Idealismoz eta jenialtasunez beterik dagoen ontzitxoa kulunka dabil, zabuka; HBO katearen telesail merke bateko protagonista bainitzan. Ezker-arraunak ura biziki kolpatzen du; aurre egin nahi dio, solido, tinko, erraldoi urdinari. Eskuineko arraunak, ordea, neronen alderdi ospela islatzen du; bego madarikatua, egur zuhirindu faltsua.
Jadanik olaturik beldurgarrienak txanelaren kriseilua irentsi du. Banoa. Irudi alegorikoen arteko lehia hastera doa. Badatoz. Tropoak, Zara, Amazon, Proposopopeiak, TikTok eta gizartea bera ni irenstera datoz. Haatik, istant batez, ozta-ozta intxaur oskoltxoa iraultzear dagoela, azken pentsamendu poliedriko bat etorri zait gogora: “Portuaren babesa lortzeko, lehenengo, enbata zeharkatu beharra dago”. Jakina, portuan Airbnb bat jarri zuten aspaldi eta aspaldion ezin izan dut ontzia bertan ainguratu. Madarikatuak!
—
Handik eta denbora batera…
Bai. Azkenean ito egin zen gajoa. Gure barkuko kapitaina izan zen urte askoan, maitatua, errespetatua. Hamaika traganarrutatik atera gintuen, baina azkenean egunkari hau irakurtzen dugun gehienok matxinatu gintzaizkion; halaber, Zuckerberg, Bezos, Trump eta Amantzio Ortegak bere barkuko lema erosi zuten aspaldi Black Friday batean.
Goian bego Bauman kapitaina!
Gora kopak!
Mundu likido honetan iparra galdu genuen, baina hark, badaezpada, utzi zigun GPSa.
Bada, honela dio bere epitafioak:
“Iparra ala hil”
(Wifi seinalea balego, hobe oraindik)
Karlos Aretxabaleta "Txapel", idazlea eta euskara irakaslea