Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan (Le Beau Rameau du izena orain) izandako indarkeria fisiko eta sexu erasoen biktimek 200 salaketa baino gehiago jarri dituzte. Kongregazio franko-italiarrak iragarri du kalte-ordaina emango diela, bere erantzukizuna onartu eta Justizia eta Demokraziarako Institutu Frankofonoarekin (IFJD) elkarlanean aritu ostean. Bai salatzaileen artean bai erasotzaileen artean Euskal Herriko jendea dago.
Ikasle ohiek jarritako 200 salaketetatik gehienak preskribatuta daude. Hamabost elizgizonen kontrakoak dira gehienak –hilik daude ia denak–, baina badira lau laikoren aurkakoak ere, 1960 ingurutik 1990eko hamarkadaren amaierara bitartean Betharramgo kolegioan lanean aritutakoak, zaindari edo laguntzaile moduan. Azken horien biktimek ere jaso ahal izango dituzte kalte-ordainak, sexu erasoak jasan dituztenetatik hasita.
Astelehenean iragarri du kongregazioak kalte ordainak emango dizkiela biktimei, 2026. urte hasieratik aurrera. Pasa den martxoan onartu zuen bere erantzukizuna, eta jakinarazi neurriak hartuko zituela, IFJD institutuarekin elkarlanean. Ordutik, hainbat hamarkada hartzen dituen indarkeria soka luzearen baitan, elizgizonek egindako sexu erasoen biktimek soilik jaso ahal izan dituzte kalte-ordainak. Hogei bat pertsonaren kalte-ordainak eliza katolikoari lotutako Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak (CRR) bideratu ditu, Sauvé txostena publikatu eta gero 2021ean sortutako instituzioa. 35.000 euro jaso dituzte batez beste.
“Ez da bidezkoa biktima batzuek CRR-ren kalte-ordaina jasotzea eta beste batzuek ez”, adierazi du IFJD-ko zuzendari Magalie Besse-k. “Helburua da biktima guztiek jasotzea kalte-ordaina, indarkeria fisikoa jasan dutenek barne”, esan du Bessek, “baina pausoz pauso joango gara”.
Biktimak eta ikastetxeko ordezkariak aurrez aurre
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu zutela genioen iazko azaroan ARGIAn, biktimei entzutea helburu, Frantziako Justizia eta Demokraziarako Institutuak (IFJD) antolatuta.
2024ko ekainean ehun testigantza inguru atera ziren argitara, eta handik hilabetera, kasik beste 30 salaketa jarri zituzten biktimek, indarkeria, bortxaketak eta sexu-eraso larriak tarteko. Orotara 200 salaketa jarri dituzte.
Salatzaileak aspalditik ari ziren elkarrizketa eskatzen, eta hain justu, biktimari hitz egiteko aukera zabaltzea eta Betharramgo Jesusen Bihotz Guztiz Santua kongregazioari haiek entzuteko gune bat irekitzea zen topaketaren asmoa, “bere egoitzan jazotako gertakariek izan dituzten ondorioez jabetu dadin, horrela prebentzioa hobetzeko”, IFJD Institutuak azaldu zuenez. Xedea ez zen inolaz ere biktimen eta erasotzaileen arteko topaketak antolatzea.