Epaiketa errepikatzeko erabakia hartu zuen Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren salaren autoa kaleratu da ostegunean. Epai berri bat egitea “derrigorrezkoa” dela dio Gorenak. Miren Zabaleta, Arkaitz Rodríguez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Rafa Díezen eskubideak defendatu beharra argudiatzen du horretarako, besteak beste.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzitako “lehenbiziko epaiaren baliogabetasunaren aurrean” epaiketa errepikatzera “behartuta” dago zuzenbide estatua, Auzitegi Gorenaren bigarren salaren arabera: “Epaiketa berri bat egin behar da, bestela ez bailitzateke gaiaren funtsari buruzko baliozko ebazpenik egongo".
“Defentsen eta akusazioen eskubidea”
Alde guztiek dute epai irmo baterako “eskubidea”, Gorenaren esanetan. Batetik, akusazioak: “Akusazioak ez dira bertan behera geratu eta horiek mantentzen dituztenek ebazpen bat jasotzeko eskubidea dute”. Bestetik, auzipetuek, epairik ez duen akusazio baten ondorioz zigortuak eta espetxeratuak izan baitziren: “Zuzenbide estatua ezin da geldirik egon askatasun gabetze baten aurrean, zeinaren azken justifikazioa ezezaguna baita”.
Auzipetuek publikoki adierazi dute epaiketa berri baten aurkako beren jarrera. Zuzenbidearen printzipio nagusietako bat argudiatu dute horretarako: inor ezin da akusazio berdinagatik bi aldiz epaitua izan (non bis in ídem). Gorenak dio bere ebazpenak ez duela printzipio hori urratzen, lehenbiziko epaiketa baliogabetu duelako Europak.