Espainiako Konstituzio Epaitegiak tramiterako onartu du Bateragune auziko helegitea. Hala, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta presoen abokatuek duela hamar hilabete egindako eskaria berraztertuko dute Lehen aretoko sei magistratuek.
Lehengo urtean jarritako sei urte eta erdiren arteko kartzela zigorra bertan behera utzi edo ez erabaki beharko dute magistratuek. Bestalde, zigortutakoen oinarrizko eskubideak urratu zituzten edo ez erabaki beharko dute.
Berriak argitaratu duenez, lau eskubide urratu zirela salatu dute presoen defentsek: Errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa (Angela Murillo epaimahaiburuak epaiketan izan zuen jarreragatik), akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea.
Auzitegiak “Batasuna berpizten saiatzeagatik” eta ibilbide horretan ETAren aginduak jarraitzeaz akusatuta atxilotu zituzten bostak.
Hasiera batean, hamar urteko espetxealdira kondenatu zituzten, baina zigorra murriztu egin zuen Auzitegiak azkenean.
Auzitegiak ez du eperik jarri erabakia hartzeko. Salbuespena da; izan ere, Konstituzionaleko araudiak dio preso daudenen kasuetan ahalik azkarren erantzun behar duela. Hala ere, zigortuen defentsek erabakia udara hasi baino lehenago hartzea espero dute.