argia.eus
INPRIMATU
Basusarriko golf zelaian protesta egin du espekulazioaren kontrako mugimenduak, udako ekintzei amaiera emateko
  • 30 bat lagun bildu ziren joan den ostiralean Basusarriko golf zelaiaren parean, "82 hektarea 18 zulorentzat. Lurra zaindu dezagun" zioen pankartaren atzean. Ekintzaren helburua lurraren espekulazioaren kontrako mezua zabaltzea zen eta uda honetan egin diren beste hainbat salaketaren ondoren etorri da. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 35.864 etxebizitza huts edo bigarren etxebizitza egotearen kontra ere protestatu du mugimenduak.

2012ko abuztuaren 27a
Basusarrin egindako elkarretaratzea (argazkia: Bob Edme / Kazeta.info)

Etxebizitzen promotoreen jarduera auzitan jartzeko auto karabana egin zuten uztailaren 6an. Gainera, bide bazterretan salgai dauden etxeak iragartzen zituzten hainbat taula ezabatu zituzten mugimenduko kideek, "Euskal Herria ez dela salgai" gogorarazteko. Ekintza horren ostean iragarri zuten bezala, espekulazioaren kontrako "dinamika baketsua" jarri dute abian udako gainontzeko egunetan.

Abuztuaren 4an Saran etxe hutsen ateak ireki zituzten eta bisita gidatuak eskaini, museoak bailiran “Euskal Herriko espekulazioaren aztarnak” erakusteko.

Abuztuaren 18an berriz, Itsasuko bigarren etxebizitza batean poteoa antolatu zuten. Etxearen jabeari gutuna idatzi zioten mugimenduko kideek, problematika azaltzeko.

Ipar Euskal Herriko espekulazioaren kontrako mugimenduak bukatutzat eman ditu horrenbestez, uda honetarako prestatu dituen ekintzak.