Gizonezko batek emaztea hil du asteburuan. Ezbeharra Bastidan, Nafarroa Beherean, gertatu zen larunbat eguerdian, familia bazkari batean. Bertan piztutako liskarraren eraginez, bikotea hil eta semeetako bat zauritu zen. Indarkeria matxistak Euskal Herrian hil duen bigarren emakumea da Ewa Rouxel.
Hedabide ugarik berreraiki duten bertsioaren arabera, gizonak bilduma-errebolber batekin egin zion tiro emazteari; eta, ondoren, semeak arma hartu, eta tiro egin zion gizonari. Tartean, bera ere zauritu zen. Oraindik jakiteke dago nork kargatu zuen errebolberra, gisako armak ez baitira “erraz kargatzen”, Baionako fiskal Samuel Vuelta Simonen esanetan. Senar-emazteek 50 urte inguru zituzten, eta semeak 23.
Semeak berak abisatu zuen Polizia, baina Baionako jendarmeak eta larrialdi zerbitzua iritsi zirenerako bikotea hilda zegoen. Semea Baionako eritegira eraman zuten, bertan arta zezaten. Bere anaia ere ospitalera eraman zuten, shock egoeran.
Liskarra gertatu zenean, bikoteaz gain, bi semeak eta horietako baten bikotekidea – eta semea – zeuden etxean. Poliziaren zaintzapean daude astelehenera arte. Poliziek gertatutakoa aztertzen dihardute, lekukoen bertsioak jasotzen, besteak beste.
Kontraesanak daude bertsioen artean eta horrek Poliziaren jarduna zailtzen du. “Oraindik ez dago argi zein izan zen gertaturikoaren arrazoia, ezta gertakarien ordena ere”, azaldu du fiskalak. Lehen azterketa medikuen arabera, emakumeak tiro bat jaso zuen bularraldean; eta gizonak hiru: bularraldean, gerrialdean eta buruan.