argia.eus
INPRIMATU
“Bassiri” lider sahararraren desagerpena argitzeko kanpaina abiatu dute, haren atxiloketaren 50. urteurrenean
  • 1970eko ekainaren 17an, duela 50 urte, Espainiako militarrek Bassiri atxilotu zuten, Sahara Askatzeko Erakunde Aurreratuko buruzagia. Talde sortu berria zen eta Aaiunen protesta deitua zuen Sahararen independentziarako eskubidea aldarrikatzeko. Protesta horretan atzeman zuten buruzagiaren berri gehiagorik ez da izan geroztik.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 17a
Duela 50 urte desagerrarazi zuten Bassiri, lehen buruzagi independentista sahararra.

Duela 50 urteko ekainaren 17an saharar asko elkartu ziren Aaiungo Zemla auzoan euren herrialdearen independentziarako eskubidea aldarrikatzeko. Protesta baketsua izaten ari den, Espainiako Legioa agertu zen arte: kolpeka eta tiroka egin zuten protestan ari zirenen aurka eta zenbat hildako eragin zituzten ez dakigu oraindik.

Ezta zer gertatu zen Mohamed Sidi Brahim Basir “Bassiri”-rekin ere. Mugimenduaren liderra egun hartan atxilotu zuten beste ehunka sahararrekin batera goizeko ordu txikietan egindako operazio batean. Ez da haren berririk izan geroztik. Espainiako agintariek garaian zabaldutako informazioen arabera, Marokora kanporatu zuten eta funtzionario espainiarrei oharra eman zitzaien berriz ere Saharara itzultzekotan atxilotu zezaten. Denborarekin, ordea, agindu horiek itxurakeria hutsa zirela dioten hipotesiek indarra hartu dute.

Tomás Bárbulo kazetariak La historia prohibida del Sahara español (Sahara espainiarraren historia debekatua) liburuan dio Bassiriren desagerpena “estatu-krimena” izan zela. “Ebidentzia guztiek diote Espainiak Bassiri hil egin zuela”, azaldu dio Público egunkariari. “Nik jakin ahal izan dudanaren arabera, Bassiri artilleriako kuartelera eraman zuten, ziegan sartu zuten eta gau batean auto batean sartu zuten, hondartzarantz joan zena. Uneren batean autotik jaitsiarazi zuten eta fokuen aurrean ibiliarazi. Hantxe bertan hil zuten eta dunen artean lurperatu”, azaldu du.

Hilketaren 50. urteurrenean Saharar Herriarekin Elkartasunezko Europako Koordinadorak eta Bassiriren senide eta lagunen elkarteak kanpaina bat jarri dute martxan Espainiako Estatuak onar dezan haren desagerpenean izan zuen ardura eta egia argitzeko prozesu bat martxan jar dezan. Errudunak identifikatu eta biktimei zor zaien kalte ordaina eskatzen dute. Gainera, gogora ekarri dutenez, gorpua oraindik azaldu ez denez, hilketaren delitua ez legoke oraindik preskribatuta.