argia.eus
INPRIMATU
Baso jangarria, geratzeko heldu den extralurtar hori
  • Gero eta gehiago entzuten ari dena, gutxi batzuk zer den erantzuten dakitena eta are gutxiago dira horrelako bat inoiz ikusi dutenak: baso jangarria. Baina lasai, organizazio ez sekretu honetatik kontaktu zuzena izan dugu berarekin eta hurrengo paragrafoetan kontzeptua laburbiltzen saiatuko gara.

IƱigo Arruabarrena 2023ko uztailaren 05a

Oinarritik hasiko gara, izenaren esanahi gordinetik. Bere izenak argi dioen bezala “baso” eta “jangarri” hitzak batzen dituen diseinu eta praktika metodo batez ari gara. “Basoa” hitza estrukturari dagokio, ekosistema honek duen funtzionatzeko erari, baso natural batean ematen diren loturak kopiatzeko saiakerari hain zuzen ere.

Alde batetik, baso naturaletan gertatzen den bezala, diseinatutako baso hauetan aktibitate fungiko handia duen lur geruza sakona sortzea bilatzen da, materia organikoz betea eta estruktura zuzenekoa, lantzen ez dena, bertako biztanleak bakean uzten direna.

Beste aldetik, baso naturaletan dauden zazpi estratuak ongi lekutzea bilatzen da, haien artean sinergiak bilatu eta ahalik eta uzta ezberdin eta ugarienak lortzeko asmoz. Lurrazpitik hasita zuhaitz altueneraino basoetan dauden zazpi estratuak hurrengo hauek dira: lurrazpiko erraboil eta sustrai lodiak, belar estratua, landare herrestariak, zuhaixkak, neurri txikiko zuhaitzak, neurri handiko zuhaitzak eta bukatzeko, eta horien guztien artean nahasita, igokariak. Horiek guztiak ongi konbinatuz oparotasun liluragarria lortu daiteke, gizakiak eraldatutako ekosistema mota honetan.

Irudian, baso jangarrietako zazpi estratuak ikusgai.

Izenak dakarren bigarren terminoa “jangarria” hitza da. Esanahiari erreparatuz gero, sumatu dezakegu baso mota hauek diseinatzean jangarriak diren espezieak erabiltzen direla. Eta hala da, baso hauetatik jakiak barra-barra lortu genitzake (fruta, barazki, onddo, zainzuri...) baina horiez gain, giza beharrak asetzen dituzten beste elementu askoren iturri ere bada basoa: sendabelarrak, garbitzaileak eta kosmetikarentzako osagaiak, sutarako egurra, eraikuntza materialak eta loreak.

Ezin dugu ahaztu basoak banakakoen elkarkidetzari esker mantentzen direla osasuntsu. Hori horrela bada, jangarriak diren espezieak sostengatzen dituzten beste espezie batzuk gehitu beharrean gaude gure diseinuan: leguminoso familiako zuhaitz eta landareak (zirkuituan nitrogenoa txertatzen dutenak), zolda-belarrak haien sustrai luzeekin mineralak azaleratzeko, bertako zuhaixka espezieak biomasa ugaria sortzeko...

Landare erreinuaz gain beste elementu garrantzitsu batzuekin jokatzen da baso jangarrietan, biodibertsitatea eta gozagarritasuna gehitzen dizkiotenak: ur gorputzak, animaliak, lasaiguneak... hurrengo batean aztertuko ditugunak. Bitartean gaiaren inguruan gehiago jakin nahiez gero, hona hemen izenburu bi: Robert Crawforden “Creating a forest garden” eta Gisela Mir eta Mark Biffenen “Bosques y jardines de alimentos”. Ederrak biak!

Laburbiltzeko, baso jangarri bat gizakiak eraldatutako ekosistema bat da, bizitza eta natura lehenesten dituena, hamaika forma hartu ditzakeena eta denontzako onura bilatzen duena, paradisu bat nire ustetan. Eta zuk ere sortu zenezake zer edo zer... basoan murgiltzea besterik ez duzu.