argia.eus
INPRIMATU
Baso-eskolei buruzko hitzaldia emango dute ostiralean Donostian
  • Eskolak basoan, aire zabalean ematea oinarri duen proiektu pedagogikoa Alemanian dago zabalduen. Gaiaz hitzaldia emango du ostiralean, Donostian, Philip Bruchner-ek, Alemaniako Waldkindergarten (Basoko haur eskolak) ekimeneko kideak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko ekainaren 23a
Ikastetxerik ez, egurrezko etxolak dituzte baso-eskoletan. Hola.com

Alemania osoan mota horretako eskola ugari dituzte, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduak. Umeak hirietako mugetatik atera eta naturarekin harremanetan garatu daitezela da helburua, jolas librea abiapuntu. Naturan, "baliabide hezitzailez beteriko ingurua" aurkitzen dutela dio Bruchnerrek, eta haurrek "korrika egin, salto egin, kulunkatu, gordeka ibili, esploratu..." dezaketela. Fisika, musika, plastika edota filosofia tailerrak ere antolatzen dituzte bertan.

Zortzi dira baso-eskolaren oinarri nagusiak: natura da ikasgela; haurrak urte osoan daude aire librean; material didaktiko gehiena naturatik dator; jolas librea da ikas-metodorik naturalena; umeek esperientzia errealen bidez ikasten dute, edukiak, gaitasunak eta trebeziak landuz; instalazio tradizionalen ordez, egurrezko etxola dute; talde barruan, mailaka nahasten dira haurrak; eta irakasleek pertsona gisa serio hartzen dituzte haurrak.

Iniziatiba pertsonala, sormena, espiritu ekintzailea, autoestimaren eta autokonfiantzaren garapena, enpatia, talde-lana eta besteen aurrean hitz egiteko gaitasuna bereziki lantzen ditu baso-eskolak.

Madrilen, irekitzear

Ekainaren 27ko hitzaldia Cristina Enea fundazioaren Ingurumen Baliabideen zentroan izango da, 18:30ean, eta Félix Rodríguez de La Fuente fundazio espainiarraren babesa du. Izan ere, fundazio horrek Madrilen baso-eskola irekitzeko asmoa du. 2015-2016 ikasturtean abiatuko litzateke Bosquescuela ekimena.