argia.eus
INPRIMATU
Baserritarrek beren protesta azaldu dute Europako Nekazaritza Politika Bateratua idazten ari diren ministroen bileran
  • Austriako Schlosshof herrian bildu dira, ofizialki “bilkura ez-formala” deitu duten bat egiteko, Europar Batasuneko Nekazaritza ministroak. Bertan hitz egin behar zuten NPB Nekazaritza Politika Bateratuari 2020tik aurrerako emango zaion mamiaz.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 26a
Europako laborarien ordezkariak Schlosshofko biltzarraren atarian beren protesta azaltzen negoziatzen ari diren Nekazaritza Politika Bateratuaren kontra. (Argazkia: EHNE Bizkaia)

Ministroek batzartu behar zuten jauregiaren atarian zain zeuzkaten Europako herrialde askotatik etorritako laborariak, tartean EHNEkoak, Europar Batasunak nekazaritza industriala sustatuz etxalde txikietan oinarritutako sektore guztia hondoratzen jarraitu nahi duelako. Agintariei harrera koloretsu bezain zalapartatsua egin zieten baserritarrok.

Iparraldeko ELB barne den Confederation Paysanne sindikatuak honela laburbildu du Nekazaritza Politika Bateratuari egiten dion kritika: “Joan den ekainean Europar Batasunak ezagutarazi duen proiektuak lehentasuna ematen die teknologia digitalei, bio-ekonomiari eta nekazaritza inteligente delakoari, horiek direlakoan soluzioak laborantzak klima, ingurumen eta elikaduran bezala lurralde mailan eta sozialean dauzkan erronkei. Alabaina, aurrerapen teknologikoak ezin du bermatu natur baliabideen iraupena, teknologiok energia asko kontsumitzen dutelako eta inbertsio garestiak eskatzen dituztelako. (…) Bestalde, non galdu da proiektu honetan Europako nekazaritzak bere herritarrak elikatzeko daukan bokazioa? Horrek eduki behar du lehentasuna. (…) Nekazaritzak lagundu dezake klimak eta ingurumenak dauzkan arriskuak arintzen, kalitatezko elikagaiez hornitu dezake eta lurralde biziak edukitzea baimendu, baldin eta laborariak ugari baldin badira etxalde ugarietan, laborantza herrikoi eta iraunkorrak proposatzen duen moduan”.

Via Campesina nekazarien mugimenduen mundu mailako koordinakundeak honako mezu honetan laburbildu du zergatik gaitzesten duten Europar Batasuna abian jarri nahian ari den Nekazaritza Politika Bateratu berria.

 

 

Europako Nekazaritza Ministroak Schlosshofeko biltzarraren hasieran.