Baserritarrak kexu dira sagarraren prezioak tamalgarri izaten jarraitzen duelako

  • Sagardoaren Jatorri Izendapenak aukera itzelak ematen dituen tresna den arren, Euskal Sagardoa martxan jarri zenetik bildu den lehen uztan sagarraren prezio tamalgarriak mantendu dira.


2017ko urriaren 06an - 06:04
Sagardoaren label berriek baserritarrei ez die ekarri sagarraren prezien inolako hobetzerik. (Argazkia: @nirea_akordioa)

Sagardo-sagarra biltzeko garaia iritsi da irailarekin batera. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena martxan jarri denetik lehen uzta da aurtengo hau. Bertako sagarrarekin egiten da Euskal Sagardoa, sektore oso baten garapenari aukera itzela eskeintzen dion tresna berria. Sagarraren prezioari dagokionez, aldiz, zaharrak berri: urteak eta urteak daramatza sagarraren prezioak kiloko 0,25 euroren bueltan. Aurtengoan ekoizpen handia izan daiteke aitzakia, sagar asko dago, 10.000 tona aipatu dira. Kontua da, bata edo besteagatik, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenak ez duela ekarri sagarraren balioan inongo hobekuntzarik, sagardotegiek sagarragatik ordaintzen duten prezioa ez dela duina, alegia. Urteak eta urteak horrela.

Euskal Sagardoarekin batera, Eusko Jaurlaritzak kalitatezko sagardoaren aitortza egin dio Gorenak marka pribatuari. Instituzioek, sagarra kanpotik ekartzen duten sagardogileei babesa eman diete. Inportatutako sagarra eta bertako sagarra biak batera babesteak badu kontraesanetik askorik, bada horixe bera ari da egiten Jaurlaritza. Eta bien bitartean bertako sagarraren prezioa lurra jota. Grabitatearen lege naturalak erori arazten du sagarra lurrera, baina sagarraren prezioa lurra jota egoteak ez du oinarririk inongo lege naturaletan. Pastela nola banatzen den da kontua eta kasu honetan sagardogileek pastelaren apurrak uzten dituzte soilik.

Sagarrondoak alez gainezka daude eta kanpoko sagar merkea aitzaki hartuta prezioak ez dira igotzen. Egoera horretan, sagarra biltzeak ere zentzua galdu dezake. Baserritar asko eta askorentzat konplementu garrantziatsua izan daiteke sagarra, sektorea indartu daiteke. Baina sagarraren prezioaren inguruan eztabaida serioa eta ekintza zehatzak hartzen ez diren bitartean, ez da aurrera egingo. Lehen sektorearentzako aukera izango den sagarraren ekoizpena sagardotegi handien esku geratuko da hein handi batean. Bide horretatik doa, maila handi batean, landaketa berriak egiteko bultzatu den programa instituzionala.

Guzti honetaz eztabaidatu beharrean, aurtengo gai nagusia sagarrak biltzeko makina berria izan da. Makina ekarri behar, antza denez «ez dagoelako sagar biltzen lan egin nahi duenik». Sagarraren antzera, lanagatik ordaindutakoak ez ote du eraginik izango honetan ere? Gogoeta egiteko gaia dira botilaraturiko sagardoarekin egiten ari diren prezio baxuko eskaintzak. Aztertzeko gaia da ikustea botilaren prezioak erridikuloak direla, bodegatik euroaren azpitik ari direla ateratzen sagardo botilak. Nor ari da guzti hau jasaten? Zeinek hartzen du bere bizkar hau guztia? Baserritarrak.

Euskal Sagardoa tresna benetan ona da sagardoaren inguruko sektore osoaren garapenerako. Baina garapenak lehengaiaren errekonozimendua eskatzen du, sagarraren prezio duina. Eta prezio duinak bertako sagarraren ekoizpena bultzatuko luke. Norabide horretan pausuak ematea ezinbestekoa da. Horrela egin ezean, etiketek dotore emango dute botila zein kupeletan eta agian atzean dagoena ere izkutatzen jarraituko dute, baina

sektore oso baten garapenerako aukera izan ordez, «euskal» deiturapean eta folklore guztiz hutsalaren atzean ezkutaturiko negozio soil bat izaten jarraituko du sagardoaren ingurukoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardoa
"Euskal Sagardoa" jatorri deituran zazpi lurraldeetako sagardogileak izendatuko dituzte

Euskal Sagardoaren eremu geografikoa EAEtik zazpi lurraldeetara handitzeaz gain, mugaren bi aldeetako sagar motak ere Jatorri Deituran sartzea adostu dute. Dagoeneko tramitazio guztiak martxan jarri dituzte, eta izapide administratiboa ixtear dute.


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra

Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Sagarrondu
Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Usurbilen, esperientzia parte-hartzaile eta burujabea

Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]


2023-10-30 | Garazi Zabaleta
Eztibeltza kooperatiba
“Afizioa ofizio bihurtu zaigu sagardotegiarekin”

Baztango sagar mota baten izena da eztibeltza, eztigorri eta eztixuriarekin hirukotea osatzen duena. Iaztik, baina, bertako kooperatiba baten izena ere bada Eztibeltza. Kirikoketa besta, Baztango sagarraren kultura eta Arizkungo Gamioxarrea dolaretxea bultzatzeko lanean urteak... [+]


Eguneraketa berriak daude