argia.eus
INPRIMATU
Baserritar Bilgunea sindikatu berria: “Lehen sektoreak bat egin beharko luke lurraldearen defentsan”
  • Baserria bizibide duten 50 inguru baserritar, artzain, abeltzain eta nekazari elkartu dira Donostian azaroaren 1ean, Baserritar Bilgunea sindikatu berria jendaurrean ezagutzera emateko. Jakinarazi dute "lehen sektoreko langileen interesak" defendatuko dituela sindikatuak eta "arreta berezia" eskainiko diola baserritarrek elkar babesteari.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2025eko azaroaren 3a

Eredu agroekologikoan ari diren baserritarrek eratu dute sindikatua, beraien interesak defendatzeko "tresna eraginkor eta aktiboa" izan dadin. "Baserrietatik egiten den borroka agroekologikoaren erreferente sozial bihurtzeko anbizioz jaio da", kideek prentsa oharrean jakitera eman dutenez. Haien hitzetan, sindikatuaren helburu nagusiak dira "egun lehen sektoreak bizi dituen erasoen aurrean defentsarako tresna bihurtzea, eta bide horretan, elkarren babeserako tresna ere artikulatzea".  Ahots bateratua izango dela adierazi dute, "administrazioaren aurrean agroekologiaren eta baserri txikien garrantzia aldarrikatzeko".

"Sektorera irekita", erronkei aurre egiteko

Sektorera irekita dagoen sindikatua izan nahi du Baserritar Bilguneak: "Bereziki irekia euren lan egiteko eredua aldatu eta proposamen jasangarriagoetara gerturatzen ari diren edo gerturatu nahi duten baserritarrentzat, eredu industrialetik aldendu nahiko luketen nekazarientzat". Sektoreko gainontzekoekin topaguneak bilatu nahi dituzte, "arazo partekatuen aurrean borroka komuna sustatuta".

Sektoreak dituen erronken artean aipatu dituzte, batetik, ekoizpen-eredua lurraren defentsarekin uztartzea; eta bestetik, merkaturatze-sistema herritarren beharretara egokitzea, "ekoizle eta erosleen arteko zubi gertukoagoak eta sendoagoak eraikita". Horrez gain, lehen sektoreak bizi duen egoera prekarioari eta errelebo faltari aurre egitea ditu helburu nagusi sindikatuak.

Urriaren 11n egin zuten Baserritar Bilgunearen eratze-batzarra Lazkaon, Biziola proiektuan. Bilera hartan elkartutako guztiek eta bertaratu gabe ere, haien ahotsa helarazitakoek, "aho batez eta ilusioz" adostu zuten eredu agroekologikoa sustatzea helburu duen sindikatu berriaren sorrera.
Hurrengo urratsak

Aurrera begira zeregin hauek ditu esku artean Baserritar Bilguneak: sindikatua egituratzea, egungo egoeraren irakurketa partekatua egitea eta ekintzak zehaztea.   

Baserritar Bilguneak dei egin dio lehen sektoreari: “Lehen sektoreak bat egin beharko luke lurraldearen defentsan, ez bakarrik gure lanbidea eta bizimodua delako, baizik eta gure herrikideen elikadura osasuntsuaren eskubidearen alde egiten duelako”.