Urriaren 8an, 100 lagun inguru bertaratu ziren Baxe Nafarroako Ibarla herriko Oihanartia etxaldera: Jean Marie Irigoien eta Mirentxu Iriarteren etxaldea, ukuilua, txerri-tokia eta gasna-tokia ezagutu zituzten eta Xendarineko Ahizpen zuzeneko kontzertua gozatu zuten.
EHKOlektiboak antolatzen du Baserriko Uzta ekimena, eta aurtengo azkena Ibarlako Oihanartia etxaldean egin dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Oihanartian betidanik haragitarako behiak eta ardiak izan dituzte, baina 2008an produkzio ekologikora pasatzeko erabakia hartu zuten eta txerriak hazten ere hasi ziren. Orain behikiak, txerrikiak eta ardi-esnea eta gazta saltzen dituzte AMAP batzuetan, etxaldean bertan duten saltokian, Sarako azokan eta Hego Euskal Herriko azoka ekologiko batzuetan".
Etxaldea ezagutu eta hamaiketako ederra egin ostean, Xendarineko Ahizpek zuzeneko kontzertua eman zuten belardian. Hona bikote urepeldarraren emanaldiaren bideoa:
Eguna biribiltzeko, EHKOlektiboaren jaki goxoz eginiko bazkaria dastatu zuten eta Asisko Urmeneta mahairik mahai aritu zen bazkalostean karikaturak marrazten.