argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako portutik Israelera armak garraiatzeagatik bi merkataritza ontzitako kapitainak ikertzen ari dira
  • Prou Complicitat giza eskubideen aldeko taldeak Danimarkako Maersk enpresako bi merkataritza ontziren aurkako salaketa jarri du, Bartzelonako portutik Israelera F-35 ehiza hegazkinen atalak garraiatzea egotzita. Inputatuek astelehenean deklaratu behar zuten epailearen aurrean, baina deklarazioak bertan behera geratu ziren defentsaren abokatuek hala eskatu zutelako. Centre Delas elkarteak argitaratutako txosten baten arabera, 2023ko urriaz geroztik Israelen eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak "inoiz baino estuagoak" dira.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 14a
Nexoe Maersk merkataritza ontzia.

Prou ​​Complicitat giza eskubideen aldeko taldeak jarritako salaketaren ostean, Bartzelonako Instrukzioko 6. Epaitegiak epailearen aurrean deklaratzera deitu zituen duela astebete bi merkataritza ontzietako kapitainak: hain zuzen, epaitegi hori ikertzen ari da ea Danimarkako Maersk enpresako ontzietako bi kapitain horiek Bartzelonako portutik Israelera armak garraiatzen zituzten. Astelehenean deklaratu behar zuten bi inputatuek, baina Katalauniako Justizia Auzitegiaren arabera, deklarazioak bertan behera geratu ziren defentsaren abokatuek hala eskatu zutelako, inputazioak "Maersk enpresak aurretik zehaztuta zituen hainbat prozedurekin" kointziditzen baitzuen.

La Directa Kataluniako hedabide independenteak Prou Complicitatek jarritako salaketarako sarbidea izan du, eta jakinarazi du giza eskubideen aldeko taldeak jopuntuan jarri dituen bi merkataritza ontziak Maersk Detroit eta Nexoe Maersk dutela izena, AEBetatik abiatuta egun Bartzelonako portuan daudenak. Salaketaren arabera, Maersk Detroit Houston hiriko (AEB) portutik apirilaren 5ean atera zen, Israelgo Nevatim base militarrera F-35 ehiza hegazkinen atalak garraiatzeko helburuarekin. Prou Complicitatek salatu du bi merkataritza ontzi horiek "nazioarteko komunitatearen aurkako delitu" bat egiten ari direla: "Israeli material militarra bidaltzeak Gazako palestinarren aurkako erasoaldia eta garbiketa etnikoa bultzatzen ditu".

RESCOP Palestinaren Okupazioaren Aurkako Elkartasun Sarea izan da Maersk enpresa salatu duen beste talde bat, eta adierazi du gertakari honek oraindik ere Espainiako Gobernuak Israelekin mantentzen dituen harremanen erakusle dela: "Israelera armak garraiatzen dituzten ontziak Espainiako Estatuko portuetatik igarotzeak erakusten du Espainiako Gobernuak ez diola armen erabateko enbargua ezarri Israeli". 

Espainiako Gobernuaren eta Israelen arteko harremanak, "inoiz baino estuago"

Izan ere, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak behin baino gehiagotan esan badu ere duela urte eta erditik ez diotela Israeli armarik erosi eta saldu, azken urtean eginiko hainbat ikerketek aurkakoa erakusten dute: esaterako, Centre Delas erakundeak apirilaren 25ean plazaraturiko txostenak zehazten duenez, 2023ko urrian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia gogortu zuenetik, 40 kontratu baino gehiago sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin loturak dituzten armamentu enpresekin –Israelgo enpresekin, horiek Espainian dituzten filialekin edota Israelgo lizentziapean ekoizten dabiltzan Espainiako Estatuko sozietateekin–.

Gainera, txostenak argitara atera du Espainiako Gobernuak, Israelgo armak inportatzen jarraitzeaz gain, Israelgo segurtasun eta defentsa enpresei "inoiz baino kontratu publiko gehiago" esleitu dizkiela: orotara, 1.041 milioi euroko balioa duten kontratu publikoak. Israeldik Espainiara iristen diren arma eta munizio inportazioei bakarrik dagokionez, balioa 36,7 milioi eurokoa izan da 2023ko urritik 2025eko otsailera. 2023ko urriaz geroztik Espainiako Gobernuak Israelekin izan dituen harremanak "inoiz baino ugariagoak eta estuagoak" izan direla baieztatu dute Alejandro Pozok eta Eduardo Melerok, Centre Delas erakundeko txostenaren egileek.