Sandra Barrenetxeak aurkeztutako tortura salaketa apirilean epaitu zen: Alfonso Gonzalez Guija epaileak akusatuta zeuden lau Guardia Zibilak absolbitu zituen, salaketa berresteko “elementu periferikorik” ez zegoela argudiatuta. Orain jakin da magistratuak Guardia Zibilak ematen duen Ordenaren Merezimenduzko domina jaso zuela Barrenetxearen epaiketa baino sei hilabete lehenago eta ordurako bazekitela bera izango zela epaileetako bat.
Jon Iñarritu EH Bilduko senatariari Espainiako Gobernuak aitortu dio Barrenetxearen kasuko epaileak Guardia Zibilaren errekonozimendua lortu zuela, beraiekin “kolaboratzeagatik”. Guardia Zibilak ez diren profesionalei ematen zaien saria da, segurtasun indarrei babesa eta laguntza emateagatik.
Iñarrituk adierazi du epailea Barrenetxearen kasutik kanpo geratu beharko litzatekeela “neutraltasun faltagatik”, eta informazio honek tortura salaketa gehienetan nabarmendu den botereen banaketa eza azaleratzen duela: “Tortura kasuetan agerian geratu da Gobernuaren, segurtasun indarren eta epaileen arteko harremana, ez dago inongo hausturarik euren artean”.
Testigantza ez zen nahikoa
Sandra Barrenetxea 2010an atxilotu zuten, 2001an ilegalizatu zuten Ekin erakundeko kide izatea leporatuta. Atxilo-aldian jasandako irain, mehatxu eta sexu erasoak “etengabeak” izan zirela berretsi du uneoro. Kasua pasa den apirilean epaitu zen Bizkaiko Lurralde Auzitegian eta epaileak salaketa ez zela faltsua ebatzi bazuen ere, lau akusatuak kargugabetu zituen aurkeztutako frogak nahikoak ez zirela argudiatuta. Defentsak adierazi du, Guardia Zibilak epaileari emandako domina froga gisa erabiliko dutela kasua Europako Auzitegietara eramateko.
Amnistia Internazionalak jakinarazi duenez, 2004tik 6.000 salaketa jaso ditu Espainiako Estatuak tortura kasuengatik eta akusatuen gehiengoak Guardia Zibilak dira.