argia.eus
INPRIMATU
Barnemuinetako poetak alderrai
  • Los detectives salvajes. Roberto Bolaño. Anagrama. 620 orrialde. 20 euro

    1998. urtea zen eta Herralde sari gizena eskuratu zuen Roberto Bolañok Los detectives salvajes nobelari esker. Paradoxikoa ere bada halako golardoa irabaztea, likatuta ekartzen duen errekonozimendu, prestigio, koipe eta txaranga guztiarekin, zerk eta idazle frakasatu, errari, kuasi-gaizkile batzuen istorioak. Baina ez dugu ur horietan sakonduko, literatur sari ororen galtzarbeez hitz egiten hasiko ginatekeelako. Eta ez da itxura.

2010ko abuztuaren 02a
Los detectives salvajes
Tituluak hala iradoki badezake ere, hau ez da eleberri poliziakoa. Badago ikerketa, baina literarioa da, alde formaletik egina: lotu gabeko pusken bidez kontatzen zaigu Arturo Belanoren eta Ulises Limaren istorioa, beti besteren testigantzekin, inoiz ez lehen pertsonan. 1970etako Mexiko Hirian sortuko den poeta talde batekin abiatzen da –Barnemuinetako Errealismoa, mugimenduaren grazia– eta mundu erdia zeharkatzen du Belanoren eta Limaren lorratzei segika. Nobela fragmentarioa beraz, bost puxtarri egungo modaren irizpideen arabera.

Beste bost, autofikzioa ere badelako. Belano egilearen trasuntua da; Lima haren lagun Mario Santiago Papasquiarorena; eta Barnemuinetako Errealismoa, biek sortu zuten Infraerrealismoa da fikziora eramana. Liburua bukatuta beraz, bigarren irakurria dator, zer gertatu zen benetan eta zer ez jakiteko irrikaz.

Eako Poesia Egunetan bi idazleren iritziak entzun nituen nobela honetaz, eta Bolañoren beste obra handiaz: hil ostean publikatutako 2666. Batek aurreneko hau nahiago; bestearentzat berriz, bigarrena idazteko entsegu orokorra izan zen gaur ekarri duguna. Ez dut iritzirik, ez baitut 2666 irakurri. Oporretan denborarik badut, irailean etorri galdezka.