Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek jakinarazi duenez, asteleheneko Madrilgo desfilera ez joatea erabaki politikoa da eta ez agenda kontu bat.
Nafarroako Gobernuko lehendakaria astelehenean Bruselan zegoela eta horregatik ez zela joan Espainiako Festa Nazionaleko Madrilgo desfilera, hori da hedabide askotan zabaldu zena. Uxue Barkosek, aldiz, bere jarrera zein izan den azpimarratu nahi izan du eta argi nabarmendu du jarrera politikoak eraman zuela erabaki hori hartzera: "Hispanitatearen egunean egotea erabaki dutenek merezi duten begirune bera merezi dugu jarrera politikoagatik ez joatea erabaki dugunok".
Javier Esparza UPNko buruzagiak gogor kritikatu du Barkosen erabakia: "Akats itzela da, Mas eta Urkulluren independentzia frontearekin bat eginez Nafarroa lokatzetan utzi du. Barkosek berak onartu du nazionalista ez den erkidegoko lehendakari nazionalista dela, eta ederdo daki bere erabakiarekin nafarren gehiengoa ordezkatzeari muzin egiten diola". Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albak ere deitoratu egin du Barkosek nafar guztiak ez ordezkatu izana Madrilen.
Iñigo Urkullu eta Artur Mas Eusko Jaurlaritza eta Generalitateko lehendakariak ere ez ziren Madrilgo desfilean izan, ezta Pablo Iglesiak Podemoseko buruzagia ere.