Barkatu lehendakari, baina ez dizut sinesten

  • Lehendakari, ez dizut sinesten, batez ere, euskarari buruz diharduzunean. Aurrekoan Euskararen Aholku Batzordearen bileran izan zinen, Eta orain zer agiriaren aurkezpenean. Bertan emandako hitzalditik deigarri gertatu zaizkit hainbat pasarte. Adibidez: “Elkarlanaren aldekoa naiz… hizkuntza politikan. Horretan ahalegintzen da gure Gobernua: herri erakundeen arteko elkarlanean, eta herri-erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlanean… baina elkarrekin, lankidetza eraginkorrean”.


2016ko maiatzaren 17an - 09:23

Eusko Jaurlaritzatik kanpora izango da, ze Jaurlaritzan bertan, elkarlana ez baitugu ezagutzen. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak langileen eta sindikatuen parte hartzerik gabe diseinatzen dira. Areago, Euskara Planen Jarraipen Batzordean sail guztietako agintariak daude, baina langileen ordezkari bakar bati eskaintzen zaio lekua. Ez zait iruditzen “lankidetza eraginkorra” denik hori. Emaitzak ere halakoak dira, esan gabe doa.

Beste honek ere harritu ninduen:

“Aipatzekoa da Euskararen Adierazle Sistema, Batzorde honek balioetsia. Hizkuntza plangintzarako tresna baliotsua. Azpimarratzekoa da euskararen lurraldetasunari egiten dion ekarpena. Izan ere, euskararen lurraldeetako herri aginteek adostasunean eraikitako tresna da.”

Bila arituta, EAS (Euskararen Adierazle Sistema) 2008ko bertsio zaharkitu bat, eta EAS berri bat osatzeko deialdia eta esleipena, 2015ekoa, aurkitu ditut. Ez dakit besterik ba ote den.

Bestalde “euskararen lurraldeetako” herri aginteak aipatu zenituen. Ez zen errazagoa, ulergarriagoa, jatorragoa eta errotuagoa, Euskal Herriko herri-aginteak aipatzea? Non dago arazoa?

Aurrerago berriz: “Euskara biziberritzeko ahaleginean herritarren atxikimendua da faktorerik ezinbestekoena. Hori sendotu ezean, alferrik arituko ginateke sustapenean edo araugintzan. Zorionez, gure herriak argi asko erakusten du elebiduna izan nahi duela… Gure aurrekoek esaten zutenez, atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Atzera begiratzea nahikoa da ohartzeko euskal gizarteak egin duen ahalegina”.

 

Euskara biziberritzeko ahalegina ez da euskal gizarte osoarena, gizarte horretako parte batena baizik. Alderdi guztiena ez den gisa berean, alderdi batena edo besterena baizik. Gizartearen beste parte batek ahalegin hori lagundu du esparru batzuetan (hezkuntza, aisia). Azkenik, bada gizartearen parte bat euskararen aurka agertzen dena. Herritar askok ez dute elebidun izateko ahaleginik egin nahi, eta beste batzuek euskaldunoi bizkarra erakusten digute erdeinuz eta nagusikeriaz.

Euskara biziberritzeko ahaleginean murgildu den gizarte eremuak, erakunde publiko gehienek baino askoz ahalegin handiagoa egin du beti eta egiten du egun ere. Eta ez ahaztu, Lehendakari, herri-erakundeek herritarron diruekin burutzen dutela sustapena, sustatzen dutenean.

Gehiagotan ere esan omen duzu: “Euskarak gizarte mobilizazio berria behar du. Zein da mobilizazio horren mamia? Euskara gero eta gehiago erabiltzea”. Aurreak atzea nola dantzatu erakusten duela ere esana duzu, beraz, Legebiltzarretik eta EAJtik bertatik hasi zaitezkete mobilizazio horri ekiten, ezta?

Atzeari nola dantzatu irakasten, alegia. Izan ere, Legebiltzarrean hizkuntzak honela erabiltzen baitira: PPtarrek eta Maneirok beti espainolez. PSOE-PSEtarrek ia-ia beti espainolez. EAJtarrek gehiena espainolez, euskara apaingarri gisa erabiliz hasieran, pasarteren bat tartean, eta akaso “despedidan”. Beti ez erabili arren, Legebiltzarrean euskara gehien erabiltzen duen taldea, alde handiz, EH Bildu da.

Euskara gero eta gehiago erabiltzeko bidean, errotonda batean bezala gaude kateatuta. Gune berean bueltaka, aurrera garbi ezin eginda. Batetik, balizko nazio foralak bigarren mailakoak direlako; nazio-estatuen menpekoak alegia. Eta espainiar estatu-nazioak, frantsesak bezala, estatu-hizkuntza ez direnak akabatzea duelako helburu sorreratik. Bestetik, unionistek guztiek, baina EAEko agintari abertzale gehienek ere, bigarren mailakotzat duzuelako euskara. Apaingarri gisa erabiltzen duzue gehienbat. Legebiltzarrean gertatu bezala, aldi bereko itzulpenak, laguntzaileak eta baliabide ugari eskura izanda ere.

Eusko Jaurlaritzan ere, buru zaituen enpresan bertan, erdaraz egiten da lan sail guztietan ia, atal jakin batzuetan izan ezik. Eta ohiko jardunean, Lehendakaritza bera da sail erdaldunenetako bat gainera.

Azken emaitza itzulita txukuntzen ditu itxurak EAEko herri-erakunde nagusiak, “etxeko” hedabideen laguntza paregabearekin batera, noski.

ELAn prest gaude euskararen normalizazioaren alde elkarlanean aritzeko

Koherentziaz eta itxurakeriarik gabe jarduteko bada, beti ere. Euskara bazterretik atera eta erdigunean jartzeko bada. Egoera ez baitago dominak banatzen ibiltzeko, lanari gogoz ekiteko baizik.

Euskararen lurralde nahi dugulako Euskal Herria, itzulingururik gabe.

*Ziortza Bocanegra Larrauri Arabako ELAren Administrazio Autonomoko arduraduna da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude