argia.eus
INPRIMATU
Barkamena eskatu du Inglaterrako Poliziak errepublikarrak atxilotu izanagatik Karlos III. aren koroazioan
  • Inglaterrako Poliziak larunbatean atxilotu zituen Republic talde antimonarkikoaren burua eta beste 51 pertsona Karlos erregearen koroatzean, Westminsterren (Londres). Egun bat lehenago, munduko buruzagi indigenek erregeari erreparazioa eskatu zioten esklabotzagatik eta kolonizazioagatik.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 09a

Londreseko Poliziak astelehenean barkamena eskatu du Republic talde antimonarkikoko Smith eta beste bost ekintzaile protestak hasi baino ordu batzuk lehenago atxilotzeagatik, Vila Web Kataluniako egunkariak informatu duenez.

Horiz jantzitako ehunka manifestari elkartu ziren larunbatean Londresko erdialdean prozesioaren ibilbidea inguratzen zuten hainbat tokitan, gorriz, zuriz eta urdinez jantzitako jantzien artean nabarmentzeko, eta Not my king ("ez da nire erregea") esaten zuten kartelei eutsi zieten, Reuters Erresuma Batuko berri agentziak informatu duenez.

Republic taldeak esan zuen Graham Smith Republic talde antimonarkikoaren burua prozesioa hasi aurretik atxilotu zutela. Baina, hasieran, Poliziak ez zuen baieztatu Smithen atxiloketa. Izan ere, Poliziak esan zuen jardun zutela uste zutelako manifestariak pinturaz "monumentu publikoak desitxuratzen eta mugimendu ofizialak eteten" saiatuko zirela.

Glasgowen (Eskozia) eta Cardiffen (Gales) ere koroatzearen aurkako protestak izan ziren. Parte hartzaileek egindako kartelak zera zioten: "Monarkia abolitu, herria elikatu".

Munduko indigenek erreparazioak eskatu zizkioten erregeari

Karlos erregearen koroatzearen bezperan, mundu osoko buruzagi indigenek monarka britainiarrari eskatu zioten barkamena eskatzeko. Hain zuzen, antzinako kolonia britainiarretako hamabi indigena taldek gutun bateratu bat argitaratu zuten, eta errege berriari eskatu zioten “genozidioaren eta herri indigenen eta esklabizatuen kolonizazioaren eraginak eta ondarea aitortzeko”, Al Jazeerak informatu duenez.

Gutunean zera eskatu zuten: koroak barkamen formala eskatzea, herri indigenen kultura ondarea aberriratzea, eta erreparazio ekonomikoak, besteak beste. Hala, erregeari eskatu zioten “komunitateei laguntza ematea mendeetako arrazakeria, zapalkuntza, kolonialismoa eta esklabotzaren erreparaziorako”.