argia.eus
INPRIMATU
Barik txartelaren %50eko deskontuak galduko dituzte txartela pertsonalizatzen ez dutenek
  • Beherapenak jasotzeko derrigorrezkoa izango da txartela pertsonalizatzea, eta gutxieneko bidaia kopuru bat izan beharko da. Eguzki erakunde ekologista erabakiaren aurka agertu da, eta adierazi du neurria “zama gehigarria” dela langile klasearentzat, baita trantsizio ekologikoarentzat ere. Elkarretaratzea deitu du Metro Bilbaoren egoitzaren aurrean.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 02a
Argazkia: Bilbao.eus

Barik txartelarekin egiten diren bidaiak garestituko dituzte urtarriletik aurrera Bilbobusen, Bizkaibusen eta Metroan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki dutenez, orain arteko %50eko deskontuak galduko dituzte txartela pertsonalizatzen ez duten erabiltzaileek, gutxieneko bidaia kopuru bat izan beharko dute. Pertsonalizatu ezean, 50 eta 70 bidaiako bonuetan soilik aplikatuko dira deskontuak. Bizkaian erroldatuta ez dauden gazteen artean kezka eragin du aldaketak, ez dutelako beherapenik izango.

Eguzki erakunde ekologista erabakiaren aurka agertu da. Bertako kideek langile klasearentzat “zama gehigarri” gisa kalifikatu dute aldaketa, baita ekologismoarentzat ere: “Neurri hau trantsizio ekologikoaren aurka doa, garraio publikoaren erabilera murriztuko duelako, eta bereziki larria da hilabete honetan bertan jakin baitugu Foru Aldundiak 450 milioi euro gastatu nahi dituela Itsasadar Azpiko Autobidean”. Diputazioari leporatu diote garraio publikorako dirurik ez duela esatea baina beti izatea baliabideak autobide berriak eraikitzeko: “Eraikuntza enpresak aberasteko obra faraonikoetarako ez da inoiz xoxik falta”.

Garestitzearen aurka, elkarretaratzea

Hainbat eragile sozial, sindikal eta ekologistetako kideak Metro Bilbaoren egoitzaren aurrean elkartuko dira asteartean, neurri berria bertan behera uztea eskatzeko. Auziaren aurka dagoen oro deitu dute bertaratzera.