argia.eus
INPRIMATU
Bardeetan aste osoan maniobra militarrak: Izquierda-Ezkerrak bertan behera uztea eskatu du
  • Abuztuaren 24tik 28ra maniobra militarrak burutuko ditu Espainiako Armadak Bardeetako (Nafarroa) tiro poligonoan. Izquierda-Ezkerra alderdiak Espainiako Gobernuari eskatu dio ariketa militarrok bertan behera utzi eta poligonoa eraistea.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko abuztuaren 24a
Espainiako Armadak eta OTANek Bardeetako tiro poligonoan armak eta taktikak probatzen dituzte.

Bardea aireko maniobra militarretarako agertoki izango da beste behin ere heldu den astelehenetik ostiralera, eta Izquierda-Ezkerrak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari eskatu dio maniobra horiek bertan behera uzteko eta Tiro Poligonoa ixteko, bai eta eskaera Margarita Robles Espainaiko Defentsa ministroari helarazteko ere.

Bardea parke natural izendatu zuten 1999an, eta 2000n, Unescoren Biosferaren Mundu Erreserba, Hegaztientzako Babes Bereziko bi Eremu eta hiru erreserba natural baititu. Hori dela eta, Izquierda-Ezkerrak ulertezintzat jotzen du hain balio handiko espazio batek tiro poligono bat izatea, habitatak suntsitzen dituena eta inguruko biztanle nahiz bisitarientzat arriskuak dakartzana.

Bestalde, maniobrek gastu handiak dakartzatela salatu dute, eta covid-19aren krisiak
diru hori ahulenengan eragin dituen ondorio negatiboak arintzeko erabil ditzatela exijitu dute.

Aukera gehiago Madrilen

Koalizioaren arabera, gainera, eskaera une "gako" batean dator; izan ere, Espainiako Gobernuan PSOE eta Undidas Podemos izanda,  aukera gehiago ikusten dituzte aintzat hartua izan dadin. Hala ere, urte luzez errepikatu den eskakizuna dela gogorarazi dute, eta babes eta ekimen falta salatu. Oraingoan, ordea, erantzuna iristea espero dute.