argia.eus
INPRIMATU
Barberena eta Agirre, Nafarroako eta Arabako finaletarako sailkatuak

2011ko martxoaren 14a
Beran egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerdia

Asteburuan jokatu dira Arabako eta Nafarroako txapelketetako finalerdiak. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa larunbatean egin zen Beran, eta Jon Barberenak lortu zituen puntu gehien (398). Apirilaren 9ko finalerako zuzeneko txartela lortu zuen Berberenak. Bigarren Eneko Lazkoz sailkatu zen (396,5 puntu) eta hirugarren Oskar Estanga (390,5 puntu). Datorren larunbatean egingo da bigarren finalaurrekoa, Leitzan.

Arabako Txapelketako finalaurrekoa atzo jokatu zen Zigoitian. Manex Agirre nagusitu zen saio horretan; lortutako 354,5 puntuei esker Gasteizen egingo den finalerako zuzenean sailkatu da. Bigarren lekuan Oihane Perea geratu zen eta hirugarrenean Felipe Zelaieta. Hurrengo finalerdiak asteburu honetan egingo dira: larunbatean Aramaion eta igandean Agurainen.