Garbiñe Urra eta Jon Ziriza gazte auzipetuei eta gainerako euskal auzipetu guztiei babesa adierazteko, martxoaren 14an arratsaldeko 19:00etan Barañaingo herritarrak laranjaz jantzi eta “Libre” hitza marraztuko dute.
Herri Harresiak prentsaurrekoa egin zuen asteartean Barañainen. Bi gazteak 2009an atxilotu zituztela gogorarazi zuen: “Atxilotuak, torturatuak, kartzelaratuak eta beren etxeetatik ehunka kilometrotara sakabanatuak izan ziren”.
Gaur egungo testuinguru politikoan, eta zehazki Barañainen, herritar gehiago kartzelaratzeak zertan laguntzen duen zalantzan jarri dute. Herritarrei eta agintariei bi gazteen kartzelaratzea eragozteko ahaleginak egitera dei egin diete.
Bi gazteak Segi gazte antolakundearen parte izatea leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte beste 38 gazterekin batera.