argia.eus
INPRIMATU
Barakaldon zortzi etxegabetze egin behar dituztela salatu du Berri Otxoak plataformak
  • Gizarte bazterketaren aurkako plataformak azaldu du etxe kaleratze hauek otsailean egingo dituztela; lehenengoa datorren astelehenean, otsailak 1.  

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 28a
Barakaldon egitekoak diren etxegabetzeak salatzeko kontzentrazioa egin zuen asteazkenean Berri Otxoak plataformak.

Berri Otxoak plataformak aurreratu duenez, otsailean Barakaldoko zortzi familia etxegabetu behar dituzte. Horietako bat datorren astelehenean bertan kaleratuko dute. Plataformaren arabera, familia honek ezin du etxebizitzaren alokairua ordaindu, eta udal zerbitzuetara nahiz Ekintza Sozialeko Departamentura jo duen arren, ez du erantzunik jaso.

Berri Otxoak-en iritziz, horrek agerian uzten du udal gobernuak etxegabetzeekiko duen “inplikazio falta”: “EAJk zein PSOEk ezerezean utzi dituzte udalbatzan onartu ziren etxegabetzeen aurkako protokoloa eta lan-taldea. Ez dute urrats bakar bat ere eman familiari etxebizitza alternatibo bat emateko, ez eta lanpostu duin bat eskaintzeko”.

Horrez gain, gizarte bazterketaren aurkako plataformak azaldu du Barakaldoko udalak ez dituela kontuan hartu Arartekoaren gomendioak. Erabaki judizial eta administratiboen aurrean instituzioek umeen eskubideak aintzat hartu behar dituztela dio Arartekoak, eta plataformaren esanetan udalak ez du halakorik egin.

Bestalde, uste du udal gobernuak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrina ere urratu duela –honen arabera administrazioek alternatibak eskaini beharko dizkiete etxe kaleratzeengatik kaltetutakoei–.