argia.eus
INPRIMATU
Barakaldon bikoiztu egin dira emakumeek jasotako tratu txarrak konfinamendu garaian
  • Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxea da eta datu hauek eman ditu: konfinamendu garaiko hiru asteetan %140 handitu dira tratu txarrak jaso dituzten eta arazo ekonomikoak dituzten emakumeen deiak, iazko garai bereko datuekin alderatuta. Martxoko azken bi asteetan eta apirileko lehenean 24 emakumeren deia jaso du. 2019an garai berean 10 dei jaso zituen. Konfinamendu garaian indarkeria matxista jasotzen duten emakumeei ahalik erantzunik onena ematea eskatu die erakunde publikoei.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 08a

Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxea da Argitan eta jakinarazi duenez, konfinamendu garaiko hiru asteetan %140 handitu dira tratu txarrak jaso dituzten eta arazo ekonomikoak dituzten emakumeen deiak, iazko garai bereko datuekin alderatuta. "Emakumeek behar dute bakarrik ez daudela sentitzea, baliabide psikosozialak errealak direla eta hauek eskuratu daitezkeela".

Hiru astean 24 emakumeren deia

Argitanek martxoko azken bi asteetan eta apirileko lehenean 24 emakumeren deia jaso du. 2019an garai berean 10 dei jaso zituen. Datu horrek Argitanek salatu zuen iragarpena berretsi duela dio Aholku Etxeak: "Konfinamenduak erasotzaileak eta biktimak elkarbizitzara derrigortuko zituela eta horrek tratu txarrak gehitzea ekarriko zuela esan genuen. Horregatik eskatu genien erakunde publikoei emakumeak babestea, eta herritarrei deitu dezatela 112 telefonora indarkeria matxistarik ikusiz gero".

Jasotako dei horietatik 11k tratu txar fisiko eta psikologikoak adierazi zituzten. Deien %17 etxeko langileak kaleratu izanaren ondorioz sortutako lan arazoei buruzkoak izan dira. Beste deien %17k salatu du Barakaldoko Udalak etxerik gabeko emakumeentzako zeukan pisua itxi izana. Eta deien %8a alokairua ordaindu ezinik dauden emakumeek egindakoa izan da. Dei bat ere jaso du Argitanek, herritar batena, galdetzen zuena nola jokatu, bizilagunen etxetik indarkeria matxistaren hotsak entzuten baitzituen.

Erakunde publikoei eta herritarrengandik gertukoena den udalari zera eskatu dio Argitanek: konfinamendu garaian indarkeria matxista jasotzen duten emakumeei ahalik erantzunik onena ematea.