argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko Udalak ez dio helegiterik jarriko azpikontraten euskara eskakizunen epaiari
  • Helegitea jartzea eskatu dio Euskalgintzaren Kontseiluak, epaia udal legediaren aurka doala iritzita.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 03a
Argazkia: Wikipedia

Ohar bidez jakinarazi du Barakaldoko Udalak ez duela helegiterik jarriko Euskadiko auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka, teknikari juridikoen arabera ez dagoelako “errekurtsorako lege oinarririk”. Hain zuzen ere kontrakoa uste du Euskalgintzaren Kontseiluak. Kontseiluak gutuna igorri dio EAJko alkate Amaia Del Campori, eskatuz helegitea aurkezteko epaia “oso ahula” baita. Auzitegiaren ebazpena 2014ko epai batean oinarritzen dela azaldu du Kontseiluak, baina ez dituela aintzat hartzen 2016ko Udal Legea eta lege hori garatzeko 2019ko dekretuari. “ Indarrean dagoen araubideak modua ematen du herritar guztien eskubideak bermatzeko hizkuntza klausulak ezartzeko. Are zehatzago, lanpostuetan hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharra jasotzen du, eta epaiak ez dio horri erreparatu”.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak adierazpenak egin ditu euskararen aurkako eraso berriaren harira: “Zerbitzu publikoa enpresa pribatuak ematen badu ere, herritarrak eskubide guztien jabe izaten jarraitzen du, hizkuntza eskubideak barne. Hortaz, euskaldunon eskubideak ere bermatu behar ditu, eta beraz, erabat legezkoa eta zilegi da administrazioak kontratuetan euskararen ezagutza eskatzea herritar guztien eskubideak bermatzeko”