argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko herritarrak kalera atera dira Felisaren hilketa salatzeko eta udalak ez du protokoloa aktibatu
  • Barakaldoko herritarrak plazara atera dira ekainaren 13an, 53 urteko semeak 90 urteko Felisa hil duela salatzera. Argitan elkarteak salatu duenez, "emakume heldu askok tratu txarrak jasaten ditu eta bere zaurgarritasun eta dependentzia egoerak eragiten du ezin dutela salatu ez indarkeria horretatik ihes egin. Emakume askok urteak pasatzen dituzte indarkeria jasaten, hitzetara ekartzeko aukerarik ere izan gabe".

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 14a

"Indarkeria matxistak baditu milaka aurpegi eta hau da horietako bat, erabat ikusezin bihurtua dena. Indarkeria matxista ez da bikotekideen artean bakarrik ematen, familiakoek ere eragin dezakete, kasu honetan bezala, eta horrek askoz zailago egiten du berau jasaten duten emakumeentzat salatzea", azaldu du Argitan elkarte feministak. Gogorarazi du indarkeria matxista ez dela norbanakoen arazo bat ezta gai pribatu bat ere, "arazo soziala da eta gizarte bezala modu kolektiboan erantzuteko ardura daukagu. Neurri integralak behar ditugu eta eremu guztietan formazio feminista ematea. Presio soziala eta kalean salatzea ezinbestekoa dira indarkeria matxistari aurre egiteko".

Barakaldoko udalak ez du indarkeria kasuetarako erantzun publikoen protokoloa aktibatu

Argitanek salatu du Barakaldoko udalak "ardura faltaz" jokatu duela, bere herritar bat indarkeriaz hil dutenean udalak ez duelako indarkeria matxista kasuetan aktibatzen duen protokoloa martxan jarri: "Frogatuta geratzen da ez dutela gutxieneko sentsibilitate feministarik ere eta martxan jarri zuten protokoloak eta duela erantzuten Barakaldoko gizarteak eskatzen duen erantzun maila. Modu alderdikoian bakarrik erabiltzen dute, komeni zaienean". Ardurak eskatu ditu Argitanek, eta zehazki, Emakume sailaren arduradun Iratxe Forcesen dimisioa.

Apirila bukaeran hil zen Felisa

Ertzaintzak pasa den ostiralean atxilotu zuen 53 urteko gizonezkoa, Barakaldon, haren 90 urteko ama hiltzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, apirilaren 26an hil zen Felisa, Gurutzetako ospitalean. Semearen arabera, erori egin zen emakumea eta horregatik zituen lesioak. Osasun langileek, ordea, indarkeria zantzuak atzeman zizkioten, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak eskatuta. Ondorioztatu zuten semeak berak eragin zizkiola lesioak, eta, gainera, ospitalera eraman zutenerako oso larri zegoela, aurrez ez zutelako behar bezala artatu.