Barakaldon emakume bat eta bere bi seme-alabak etxetik kanporatuak izateko arriskuan daudela salatu dute asteazkenean Lanbideren egoitza aurrean egindako kontzentrazioan.
Herrikolore webgunean irakur daitekeenez, ez da emakumea arrisku horretan dagoen lehenengo aldia. Otsailean antzeko egoeran egon zen eta bizilagunek lagundu zioten aurre egiten.
Berri-Otxoak kolektiboak esan duenez, harrezkero ahalegindu da dagozkion laguntza sozialak eskuratzen Lanbiden, baina “trabak” besterik ez dizkiote jarri.
Udalera ere jo du laguntza eske, baina ez diote erantzun. Gaineratu dutenez, Alfonso Garcia Barakaldoko alkateak esan zion elikagai bankuarekin harremanetan jartzeko tramiteak azkartuko zituela, baina ez da hala izan.
Berri-Otxoak kolektiboak azaroren 29an egingo den duintasunaren aldeko martxan parte hartzeko deia egin du: “Mobilizazioak eta presio soziala dira administrazio publikoak egiten dituen murrizketa politikei aurre egiteko bide bakarra”.