argia.eus
INPRIMATU
Bankuek zoru klausuletako dirua itzuli beharko diote jendeari osorik: 4.000 milioi euro
  • Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du 2013tik atzerako hipoteketan kobratutako klausuletako dirua ere itzuli beharko dutela Espainiako Estatuko bankuek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko abenduaren 21
Gehiegizko klausulen kontra Bilboko Arriaga antzokian egindako elkarretaratzea (arg.: Adicae)

Espainiako finantza entitateei borroka garrantzitsua irabazi diete zoru klausulek kaltetutako herritarrek. Europako justiziak haien alde egin du eta hipoteken gehiegizko klausula horien atzera-eraginkortasuna onartu du, Espainiako Auzitegi Gorenak 2013an egin ez bezala. Horrek esan nahi du, Espainiako Bankuaren kalkuluen arabera 3.000 eta 5.000 milioi artean itzuli beharko dietela bankuek bere bezeroei, kobratutako klausula horien kopuru osoa alegia.

Luxenburgok dio Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia ez dela zuzena, ezin delako gehiegizko klausula baten babesa denboran mugatu: edo dena edo ezer ez, alegia. "Babes hori osatugabea eta eskasa da", dio ebazpen komunitarioak (pdf). Ondorioz, dirua osorik itzuli beharko dute bankuek, 2009an klausulak aktibatzen hasi zirenetik kobratzen segitu zutena, eta ez soilik 2013tik aurrerakoa.

2009an hipoteka indizeek –batez ere Euriborra– beherantz egin zuten nabarmen higiezinen burbuila lehertu ondoren sortutako krisi finantzarioaren ondorioz. Hala, bankuek abusuzko letra txikiari heldu zioten hipoteken interesak ez jaisteko eta herritarrei diru itzela kobratzen segitzeko.

Zenbait adituk iradoki dute 4.500 milioi euroko kostua izango duela dirua itzultzeak, eta batez ere BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankia eta Popular bankuei eragingo die, haiek dira herritarrekiko zordun nagusienak orain. Euskal Herrian, EAEn 80.000 pertsonak berreskuratu ahal izango dute euren dirua, Adicae elkarteak jakinarazi duenez. Bestalde, Kutxabanken eskuetan dagoen Cajasurrek ere diru kopuru handi bat itzuli beharko die bere bezeroei.

Adicaek Luxenburgoko ebazpena baloratzeko asteazken goizean egindako prentsaurrekoa.

Duela hilabete batzuk Europar Batasuneko abokatu nagusiak irizpen ez loteslea eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren bat eginez. Bankuek garaipentzat hartu zituzten hitz horiek, baina orain behin betiko sententzia etorri da Luxenburgotik eta sekulako zaplastekoa eman die auzitegi horrek.

Erreakzioak bata bestearen atzetik izaten ari dira erabaki garrantzitsu hori dela-eta. Bankuek burtsan duten kotizazioa ere beherantz doa momentu honetan eta %11 galdu du zenbaitek.