argia.eus
INPRIMATU
Banilla lekatxoa
  • Totonaka kultura mexikarra da eta elezahar eder bat badute: banilla landarearena. Tzacopontziza (Goizeko Izarra) printzesaren odoletik jaio zen banilla, non eta Tonoacayohua (Uztaren Jainkosa) gurtzen zuten apaizek Zkatan-Oxga (Orein Gaztea) printzearekin harrapatu eta burua ebaki zieten tokian. Printzea zuhaixka indartsu bat bilakatu zen eta printzesa aihen edo liana hauskor eta samur bat, zuhaixkari goxo heldu eta bertan gora egin zuena. Aihen hori da banilla eta harrezkero totonakek banillari "caxixanath", lore ehizatua, esaten diote.

Jakoba Errekondo 2023ko azaroaren 06a

Egia da, banilla aihen igokari batek ematen du, orkideo igokari batek (Vanilla planifolia). Ameriketako lur emankor haietan sortutakoa dela diote. Gero egin zuen mundu guztiko lurralde tropikaletarako zabalkunde bidaia. Hobeto esanda berari bururatu ere ez litzaioke egingo mundu tropikal osora hedatzea, ez dago burutik eginda eta gutxiago jorik.

Banilla espezia preziatua bilakatu zen europar aberatsentzako eta geuk hedatu genuen irabazpidearen negozioa. Baina ez zen erraza izan. Banillari kentzen diogun etekina fruitua da, leka usaintsu bat. Banilina da usain berezi horren osagai nagusia. Leka hori sortzeko lore hermafroditen aieka emera iritsi behar du aieka arraren polenak. Lan hori, polinizazioa, euli eta erle jakin batzuek egiten dute; intsektu horiek eginkizun horretara jarrita daude eta banillaren lorea ere prest. Baina uztartze hori bere jatorrizko lurraldeetan besterik ezin da gertatu. Banilla landarea munduan batera eta bestera eraman zutenean ez zen ulertzen zergatik ez zuen fruiturik ematen: lorea eman eta eman eta leken arrastorik ere ez. Aldiz, Mexikon, tropiko heze beroko fruiturik emankorrenatzat dute. Gaur egun badakite eskuz polinizatzen, eulirik behar izan gabe: lorea pixka bat zanpatze hutsa nahikoa da lan hori egiteko eta Madagaskar, Tahiti, Indonesia eta abarretan lantzen da.

Banilla naturala baino askoz ere errazago, merkeago, egiten da sasi banilla edo banilla sintetikoa, alde handiz askoz ere gehiago erabilia. Egun paper fabriketan sortzen diren hondakinetatik ekoizten da banilina gehiena. Baina bere usaina oraindik urrun dago banila naturalarenetik. Gaur dakigunez, honek 169 osagai ditu (esterrak, hidrokarburoak, aldehidoak, alkoholak, alifatikoak, zetonak, terpenoak, fenolak, urrintsuak eta heteroziklikoak) eta horien saltsak sortzen duen usaina ederki bereizten du sintetikotik.

Agi danean, usain paregabe hori leka edo fruituaren barruan dauden haziak jan eta han eta harago barreiatuko duen animalia limurtu eta erakartzeko sortua da, itxuraz berak jan eta zirinetan “ereindako” hazia errazago ernetzen baita: saguzar mokofina.